Kaixo lagunok!
Hamabosgarren denboraldia ere hasi dugu Arraio Irratian! Nork esango zuen, Lizundia oihal fabrika zaharreko komunera sartu ginenean, honaino iritsiko ginenik. Pandemia, konfinamendua, gure aterpe ere baden Putzuzulo gaztetxearen egoera ziurgabea, gorabehera asko izan ditugu azkenaldian ere, baina hasieratik egin bezala, ez diogu inoiz uhin eta ahots askeak aireratzeari utzi.
14. urteurrena ez genuen nahi bezala ospatzerik izan, eta mugatuta aurkitu gara 15. denboraldia aurkezteko ere. Baina ez gara etxean geratuko. Datorren igandean (azaroak 22), denboraldi berrirako parrilla aurkeztuko dugu herrian: gela arrosean ekoizten ditugun zortzi irratsaioez gain, Orokieta irratia, goiz eta arratsalderoko magazinak, Arrosa sareko beste irratien programak, errepikapenak… Zarautzen ere bada zer entzun!
Berrikuntzarik ez zaigu falta aurten ere. Hainbeste urtez goxatu gaituzten atalkarien lekukoa hartuz, sareko podcast feministak berreskuratuko dizkigu Aho bete hitz… more! irratsaioak, ostegunetan, eta doinu elektroniko eta ez hain elektronikoak iritsiko zaizkigu Bermudatik, ostiraletan. Ohiko edukiek ere jarraituko dute: Bapateko unibertsoa, Galdedebalde, Zaratarautz, Izerditan blai, Ithaka ukatuz, Ahuntzaren gauerdiko eztula… Eta gogoratu, beti bezala, gure mikroak zabalik daudela parte hartu nahi duen guztiarentzat.
Adi egon igandean, beraz, kaletik ibiliko gara eta! Adi belarriak, eskuratu aurtengo zure parrilla eta sintonizatu Arraio Irratia! 15 urtez Putzuzulotik, FM 99.3an!