Saio hau prest genuela, Soinugelako hastapenetik gure ikur nagusietakoa zen Toots Hibbert kantari eta kantugilea irailaren 11n zendu zela jakin genuen. Kingston hiriko ospitale batean hil zen, dirudienez, koronabirusaren ondorioz. Guk omenaldi txiki bat eskaini diogu berari, eta gaurko urrezko kantua Funky Kingston (1972) izan da.
Frederick Toots Hibbert 1945ean jaio zen Jamaikako Clarendon inguruan. 1961ean Kingston hirira joan eta Studio Onerako grabatu zituen lehenengo kantak. Garai hartako I Never Grow Old entzun dugu. Gero, Leslie Kong estudioan kantu ahaztezinak ekoitzi zituen: 54-46 Was My Number, Monkey Man, Pressure Drop… Handik aurrera Jamaikako izar nagusia bilakatu zen, ez bakarrik ska eta rocksteady eremuetan, reggae estilo berrian ere bai: Do The Reggay, Sweet and Dandy, Chatty Chatty…
70eko hamarkadan Island disko etxerako LP batzuk grabatu zituen Tootsek eta, Europan zein AEBetan, izar handia bihurtu zen: Reggae Got Soul, Take Me Home Country Roads (Memphisen grabatu zuen Jim Dickinsonekin), I’ve Got Dreams to Remember eta Knock on Wood dira garai hartako hit batzuk.
Mende berrian ere aktibo jarraitu zuen Tootsek: Tribute to Coxone, Guns of Navarone eta I Got a Woman kantuak dira horren lekuko. 2012an bere etxean unplugged grabazio akustikoa egin zuen. Euskal Herriarekin harremana izan zuen Fermin Muguruzaren bidez, eta harekin Azoka eguna kantua grabatu zuen. Aurretik inspirazio iturri zen Kortaturen hastapenetik, Sarri Sarri doinu ospetsua Toots-en Chatty Chatty-ren bertsioa baita. Gurean, Kafe Antzokian, bi aldiz ikusi genuen Toots zuzenean: 2006ko uztailaren 19an eta 2008ko ekainaren 27an. Azken data horretakoa da orrialde hau osatzen duen argazkia (egilea: Olatz eta Leire).
Duela hilabete eskas Tootsek grabatutako Got To Be Tough disko berria merkaturatu da, Sly Dumbar, Zak Starkey eta Cyril Neville musikari handiekin grabatua. Bertatik Drop off Head, Warning Warning eta Three Little Birds entzun ditugu.
Jamaikatik irten gabe, The Rolling Stones taldekoek bertan 1973an Goats Head Soup bilduma grabatu zuten eta, aurten, orduan grabatuak baina oraino argitara eman gabeak ziren hiru kanta berreskuratu dituzte: Scarlet (Jimmy Page-rekin), All The Rage eta Criss Cross.
Deskargatu hemen.
The post SOINUGELA: Toots Hibbert gogoan / The Rolling Stones eta Goats Head Soup first appeared on Bilbo Hiria irratia.