Podcast: Play in new window | Download
Aste honetan, ERRAIETATIK irratsaioan, bizitza basatiei gorazarre egin diegu: alde batetik, Mikel Santos ‘Belatz’ ilustratzaile iruindarrarekin solastu gara, Lucio Urtubiaren bizitza ardatz hartuta kaleratu berri duen ‘Gerezi Garaia’ (‘El Tesoro de Lucio’) eleberri grafikoaren harira. Bestalde, ‘Noviembre’ izan dugu hizpide, artea eta antzerkia probokaziorako eta eraldaketarako tresna gisa ulertzen duen filma.
Mikel Santos ‘Belatz’ (Iruñea, 1974) marrazkilaria, gidoilaria eta ilustratzailea da. Kukuxumusuren parte izan zen eta, gaur egun, Mikel Urmenetaren sortze-taldeko kide da. Beste lan askoren artean, Tim Burtonen ‘Pesadilla antes de Navidad’ filmaren gidoiaren adaptazio ilustratua egin du, eta azken lana bere orain arteko obrarik onena dela aipatu dute askok. Izan ere, anarkista nafarrarekin izandako elkarrizketa amaigabeen emaitza da ‘Gerezi Garaia’: Lucioren bizitza markatu duten pasarteak, ekintzak, lekuak, pertsonaiak eta gertakariak zehatz-mehatz birsortu ditu Belatzek, dagoeneko Lucio Urtubiaren biografo ofizial bihurtuta.
Elkarrizketa interesgarri honen ostean, ‘Noviembre’ (Achero Mañas, 2003) filmaren inguruko monografikoa izan dugu gurean. Bere bulkada idealistei jarraituz, Alfredok erabaki bat hartzen du pelikula honetan: “Arte askeago bat, bihotzarekin egindakoa, jendea bizirik sentiarazteko egina” sortzea.
Antzerkia eszenatokitik haratago doan arte gisa ulertuta, kalera doa, publikoarekin aurrez aurre elkarri eragiteko, probokazioa arma bezala erabiliz. Bere ekintzek ez dakite zer den zentsura, eta horrek istiluak eragingo ditu poliziarekin.