Podcast: Play in new window | Download
Hassanna Aaliari ekintzaile sahararrari errefuxiatu izaera aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Herenegun jaso zuten epaia eta atzo egin zuten publiko. Auzitegi Nazionalak zuzenbidearen aurkakotzat jo du Aaliari Rabateko auzitegi militarrak egin zion epaiketa, defentsa eskubidea urratu ziotelako. Horregatik, bidegabe jo du Espainiako Barne Ministerioak iaz errefuxiatu estatusa ukatu izana. Espainiako Gobernuak 30 egun ditu orain helegitea aurkezteko. Pozik agertu da Aalia prentsaurrean, eta eskerrak eman zizkien familiari, CEAR Euskadiri eta babesa agertu dioten eragile sozial, sindikal eta politikoei. Baina aprobetxatu ere egin zuen Europako Batasunak Turkiarekin duen akordioa gaitzesteko, eta errefuxiatuek seguru iristeko eskubidea dutela gogorarazteko, itsasoan hil gabe eta hesirik gainditu beharrik gabe. Aktualitatearen pisuagatik ahaztu dugula dirudien errealitate horri begira jarri gara gaurko tertulian Oihana Bartra, Mikel Goñi eta Oier Imazekin.