Podcast: Play in new window | Download
Historian atzera egiteko aukera eman digu Argia astekariaren aste honetako alearen aurrerapenak. Asteazkenero bezala, Estitxu Eizagirre zuzendariak aurreartu dizkigu aldizkarian ondu dituzten gaiak. Batetik, 19 urte zeuzkala 1936ko Espainiako gerran sartu behar izan zuen Luis Ortiz Alfau milizianoari egindako elkarrizketa nabarmendu digu. Izquierda Republicanako batailoi batean eman zuen izena Ortizek eta 100 urte bete dituenean, orain arte isilik edukitakoak kontatzea erabaki du. Bestetik, 1776an Urola Erdian eztanda egin zuen matxinadaren ingurukoak ekarri dizkigu. Zerealen salneurriaren garestitzeak sortutako baserritarren, langileen eta olagizonen matxinada izan zen hura, eta herritar xumeek, gosearekin espekulatzen hasita zeuden jauntxoekin haserre, berdintasunaren bandera jaso zutela kontatu digu Eizagirrek.