Bertsolari New Yorken –
Powered by RedCircle
Euskaldunok askotan entzun dugu bidaiatzeak norbere hizkuntza, kultura eta herriarekiko lotura txikitzen duela diote. Ez dakit ba nik. Ez dakit Anonyme Popular proiektuarekin AEBetan egindako biratxoa eta gero, bertsoarekiko lotura txikitu eta handitu egin zaidan. Berritu egin zaidala esango nuke.
Gurea beste kultura batzuetako artisten eta artezaleen artean erakusteko ideiarekin abiatu nintzen, eta, han nenbilela, hori baino ederragoa gertatu zitzaidan: gurea beste kultura batzuetako artisten eta arteen artean begi berriz ikusi nuen neuk ere.
Ondo pasatu genuen AEBetan. Toki, ekimen eta jende interesgarriak ezagutu genituen, eta une ederrak bizi. Bikain hartu gintuzten bai Marylango Unibertsitatean bai New Yorkeko Kerouac Festibalean. Eta oso ondo ibili ginen turistarenak eginez ere. Hori baino zer edo zer ganorazkoagoa eta interesgarriagoa esan nahi nuke hemen, ordea.
Bi ideia darabiltzat buruan joan zen maiatzean hango itzulia egin genuenetik:
- Baga. Bertsolaritza eta bere historia kultur mugimendu urbano moduan kokatzea egin ez dugun, egin dezakegun eta egin behar genukeen lan bat da.
- Biga. Hitzezko sortzaile eta oholtzako jokalari moduan elkarrengandik zer ikasi handia izan dezakegu gaur egungo bertsolariok eta spoken word munduko artistek.
Bertsoa nekazal mundu tradizionaletik hiriko mundu modernora igarotzen jakin duen adierazpide moduan begiratzen dugu. Bi mende dira baina, Bilintx Donostiako Antzoki Zaharreko zaindari izan zela. Mende bat laster Alfontso Irigoien Bilbotik Euskal Herri osoko txapelketak sustatzeko lanetan hasi zela. Eta beste mende erdi Euskal Herriko hiriburuetan helduen bertso eskolak indarrez jarri zirela abian, euskaldunberriz beteta.
Bertsolaritzaren historia ez dago ulertzerik bertsolaritzaren historia urbanoa kontatu barik; ez bertsolaritzaren historia ezagunaren osagarri moduan, berezko ikuspegiarekin baizik. Uste dut ikuspegi horrek gure kultur mugimendua ulertzeko eta agertzeko moduak berrituko lituzkeela; baita hemen Euskal Herriko kultur munduan dugun lekua birkokatzeko bideak zein munduan kulturarteko harremanak aberasteko aukerak ere.
Bertsolari moduan, berriz, uste dut gaur egungo spoken word munduko artistengandik badugula zer ikasi. Slam saio bat ikusteko aukera izan genuen New Yorken: taula gaineko poesia lehiaketa bat. Slamerrek oholtzan agertzeko eta ahotsa zein gorputza erabiltzeko zuten talentuarekin txundituta irten nintzen; zelako eraginkortasunez jokatzen zuten testua oholtzan, modu neurritsuan eta alperreko espanturik gabe.
Gaiari buruz gehiago jakin gura duenari liburu bat gomendatuko diot: izenburua, “Spoken Word, A Cultural History”; idazlea, Joshua Bennet. Asko-asko laburtuta, bertan kontatzen da Puerto Ricotik eta Afrikatik New Yorkera joandakoek eta euren ondorengoek zelan garatu duten euren ahozko kultura, AEB osoan zehar zabalduz; slamen bidez, hedabideetan zein unibertsitateetan, eta garaian garaiko joera artistiko eta aktibismo sozialekin bat eginez. Badu gurearekin parekotasunik, bai.
*Musika: Zubaida, Breuss Arrizabalaga Quintet. Free Music Archive, Public Domain License
Bertsolari New Yorken
The post Bertsolari New Yorken appeared first on Bertsolari Aldizkaria.