Bakarrizketak eta bertsoak –
Powered by RedCircle
Benetan diotsuet ez dela intentzioz egina izan. Baina Makarrizketak podcasterako bakarrizketei buruz hitz egitea erabaki dut.
Aurrekoan Antton Telleriaren emanaldi berria gozatzen izan nintzen Iruñean. NiNiNi. Ordu eta laurden bere buruari buruz hizketan, eta pentsa, labur egin zitzaidan. Tira, bere buruaz, eta bertsolarioi buruz ere bai. Kontua da, hasterako egurra ematen digula; hasierako agurrik gabe. Eta jende guztia barrezka. Eta nola ez, nik ere defektu profesionala dudanez, NiNiNi, nire bertsolari begininiekin aztertu nuen: zertan dugu antza bertsolariok eta bakarrizketalariek? Eta zertan gara desberdinak?
Bertsolarioi maitekiro zaplaztekoak ematen dizkigun bakarrizketa horretan, Anttonek argi eta garbi azpimarratu nahi izan zuen bera ez dela bertsolaria. Badakit ez dela bertsolarifoboa… edo lagun bertsolariak behintzat, baditu… bat behintzat bai… edo hala uste dut nik… Antton, lagunetik lagunera, ez, ez zara bertsolaria izango, baina ez zabiltza hain urruti…
Bertsolariek esango didazue aldeak handiak direla, ados: doinuak, neurriak, errimak, inprobisazioa (edo agian ez hainbeste, hor ere badago zer aztertua: zenbateraino du gureak aurrez prestatutik eta zenbateraino haienak inprobisaziotik…)… Baina soil soilean begiratuz gero, bertsolari batek bere burua identifikatuta ikus dezake bakarrizketalari baten lanean.
Pertsona bat bere bakardadean, edo pertsona bat bere mikrofono aurrean. Eta kitto. Ez du bestelako heldulekurik. Mikrofonoa kenduz gero, biluzik dago, hari fin baten gainean dantzan.
Gaiak eta hausnarketak, eta horrekin batera, umorea eta sakontasuna. Bakarrizketalari batek ez dizkio hitzak hausaz edozeri jartzen. Aurrez ongi pentsatua izaten du zeri buruz hitz egin nahi duen, eta zer kritikatu bere umore bixi horrekin. Eta bertsolarion kasuan bezala, tarteka txisteak txiste huts izango dira, baina askotan atzean bestelako sakontasun bat izaten du ustezko umoreak.
Kontua da, txiste-saioa amaitzerakoan, hausnarrean atera nintzela. Bakarrizketak bogan daude azken aldian Euskal Herrian, eta nik uste egin genezakeela zerbait elkarrekin. Zergatik ez? Ausartuko al ginateke bertsolariok umoristen gaiei bertsotan egitera? Aurrez ere izan dira adibideak. Eta ez pentsa hain erraza denik! Askotan, gai distiratsu baten ondotik bertsotan egitea deserosoa izaten da; grazia gehiegi badu gaiak, bertsoaldia ilunegi geratzeko arriskua dago. Baina formula egokia topatzean datza gakoa.
Eta umoregileak, ausartuko al zinatekete, nolabait, gurekin batera inprobisatzera? Ezjakintasunetik diot erronka polita litzatekeela zuentzat ere… Ni, behintzat, gustura joango nintzateke ikustera.
Baina momentuz, ikustera, zoazte bertsolariak NiNiNi bakarrizketa ikustera. Izango duzue zer ikasia eta, batez ere, gozatua. Egin diezaiogun barre geure buruari.
P.D.:Makarrizketak Podcastaren atal hau Antton Telleriak patrozinatzen du. Alegia, nik. Eskerrik asko .
*Musika: Kerchingless Wonder, Doctor Turtle. Free Music Archive, Attribution 4.0 International License
Bakarrizketak eta bertsoak
The post Bakarrizketak eta bertsoak. GuGuGu appeared first on Bertsolari Aldizkaria.