Irudimena –
Powered by RedCircle
Gogoa, mens, psique, anima, res cogitans… modu askotan esaten zaio, baina zer da gogoa delako zer hori?
Gogoa, kontzeptu filosofikoa da eta giza-ahalmen jakinen sare korapilatsuari egiten dio erreferentzia, hala nola: nahimena, hautematea, adimena, sinismena eta irudimena (edo imajinazioa).
Bertsotan ari garenean ere, gogoaren ahalmen gehientsuenak jartzen ditugu martxan. Dena den, nik gaur irudimenari heldu nahiko nioke, historian zehar hainbeste artista eta filosofo txundi-txundi utzi dituen horrixe: Humek arimaren ahalmen magikotzat jo zuen irudimena, eta Kantek esan zuen arimaren sakoneneko arte ezkutua dela.
Harrigarria da, bai, irudimena, inondik ere. Besteak beste, presente ez dagoen objektu bat (edo afektu bat) errepresentatzeko gauza delako. Muturreko kasuetan, aluzinazioetan eta ametsetan, kasu, irudimena jaun eta jabe egin liteke, eta erreala denaren eta ez denaren arteko muga ezaba lezake.
Bestalde, irudimena, gainontzeko giza-lanak bezalaxe, erreproduktiboa izan daiteke edo produktiboa. Irudimen erreproduktiboa mundu faktikoaren esklaboa da: iraganeko inpresioak berritzen ditu gogoan. Egiaz, mota horri memoria esaten diogu eta lehenean manten dadila exijitzen diogu; exijitzen diogu fideltasuna.
Memoria lantzeko teknikak: errepikapena eta zigor fisikoa.
Mundu faktikoak, ordea, ez du errealitatea agortzen. Errealitateak, izan zitezkeen eta izan litezkeen aukera eta konbinazio guztiak biltzen ditu: mundu faktikoaz gain, mundu posibleak. Irudimenak errepresenta lezake mundu faktikoan jazo ez den aukera bat potentzian existitzen zena; egungo Frantziako erregea burusoila izatea, esaterako. Halaber, mundu faktikoan objektuak disposizio jakin batean daude antolatuta, baina irudimenak zatikatu, elkartu, moldatu, nahastekatu egin ditzake. Hortik, adibidez, unikornioa edo zentauroa. Ornitorrinkoak ere, imajinarioa dirudi.
Baudelaire: ‘Ikusten dugun unibertso osoa, ez da irudien eta zeinuen almazen bat baizik, zeintzuei imajinazioak toki bat eta balio erlatibo bat ematen baitie. [Unibertsoa], imajinazioak digeritu eta eraldatu beharreko bazka mota bat da. [Estetikan], arimaren ahalmen guztiek imajinazioaren mende egon behar dute’.
Edozelan ere, irudimena ez da dirudien bezain ahalguztiduna. Alde batetik, finitua delako. Edo, esadazu bestela, entzule irudimentsu horrek: irudika al dezakezu espazio infiniturik? Eta kiliagonorik (esan nahi baita, 1.000 alde dituen poligonorik)? Eta zure zentzumenen bidez hauteman ditzakezun ezaugarriak baino gehiago dauzkan objekturik?
Bestetik, irudimena ez da ahalguztiduna arrazoimena gailentzen zaionean; zehatzago, arrazoimen praktikoa edo normatiboa. Bertsogintzan puri-purian dagoen debatea da irudimenaren erabilera jakin baten zilegitasunarena: sor al dezaket istorio bat non nire gogoa jartzen dudan egituraz ni baino zapalduago dagoen gorputz batean? Irudimenak badu ahala horretarako, baina zilegia al da? Galdera horri erantzuteko beste hainbat galderei erantzun beharko nieke lehenbizi. Zer da boterea? Zenbat zapalkuntza-sistema autonomo daude? Zapalkuntza adina subjektu politiko daude (edo eraiki beharko genituzke)?
Baina natorren harira, irudimenaz ari nintzen eta. Los detectives salvajes nobelan taxistak Panchori diotson legez: ‘usted éntrele con fe a su chava y déjese de chingaderas comunistas’.
Irudimenak, bertsotan, balio du. Balio du, adibidez, bat-bateko bertso-elkarrizketak har litzakeen bide posibleak irudikatzeko. Gai baten itxurazko hedaduraz harago, bere hedadura potentziala zukutzeko, desplegatzeko, arakatzeko. Bertsotan egiteko espantsiboki.
Irudimenak, bertsotan, balio du. Balio du diskurtso bat produzitzeko introspekzio emozionalaren eta hausnarketa arrazional sakonaren arteko guda zibilari ihes egingo diona; espazio-denbora paraleloak sortzeko non atrezzoak dauden; non dauden propietate sentsorialak dauzkaten objektuak, izaki bizidunak, mugimendua. Hainbatek estilo zinematografikoa deitu dio. Kasu paradigmatikoa: Nerea Ibarzabal, Irun, 2022ko Txapelketa Nagusiko finalerdia, Ganbara. Gehituko nioke: Maialen Lujanbio, Bergara, 2009ko Txapelketa Nagusiko finalerdia, Kartzela.
Irudimenak, bertsotan, balio du. Balio du objektuen disposizio inprobable, ezusteko, baina posibleen bidez umorea egiteko. Unai Iturriaga: ‘[…] baina ni be hemen nau / ez zauz ispiluen / ukondue ez eixu / sartu katiluen’. Ukondue katiluen. Ukondue katiluen. Ukondue katiluen.
Irudimenak, bertsotan, balio du. Balio du etorkizun posibleak irudikatzeko. Jon Maia: ‘[…] Imajinatu lehendakari bat / gure mintzaira dakina / imajinatu Euskal Herri bat / gaur bezala bat egina […]’. Kontuz zure desirekin, Jon, bete egin litezke eta.
Irudimenak balio du. Babestu zure irudimena eskolarengandik eta akademiarengandik; gurasoengandik eta Bulego musika taldearen mundu-ikuskerarengandik; streamerrengandik eta poliziarengandik (batez ere udaltzainengandik); eta Bertsolari Txapelketetako epaileengandik… Irudimena babestea errealitateak biltzen dituen mundu posibleak babestea delako.
*Musika: Doctor Turtle, That Guy’s Sky Is Way Too High. Free Music Archive, Atributtion 4.0 International License
Irudimena Irudimena
The post Irudimena appeared first on Bertsolari Aldizkaria.