Unicorn Overlord, Loop Hero, My Summer Car eta Yakuza 4 jokoetan ibili gara oporraldian

Azken irratsaioetan albisteen erauntsia jasan dugu. Ondorioz, pilatu egin zaizkigu analisiak. Unicorn Overlord, Loop Hero, My Summer Car eta Yakuza 4 Remastered bildu ditugu oraingoan. Joko handi zein txikiak, baina, argi izan, bereziak.

Lehenik, Unicorn Overlord, Vanillaware eta Atlus estudio japoniarrek martxoan argitaratutako estrategia taktiko lana daukagu. Atal grafiko ederrak erakarriko zaitu —zelan ez, Vanillawarekoen jokoa izanda—, baina bere borrokengatik geratuko zara.

Armadak kontrolatzen eta kudeatzen ibiliko gara Erdi Aroko fantasiazko munduan: zaldunak, lapurrak, aztiak, aingeruak eta gehiago ikusiko ditugu PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan estreinatutako obra bikainean.

Bigarrenik, orain urte batzuk kaleratutako Loop Hero berezian ibili gara egunotan. Aspalditik daramagu jokatu nahian, eta mugikorretara iritsiko dela jakitean gogoak piztu zaizkigu. Tower Defense, roguelike eta RPG mekanikak nahasten ditu retro estetikarekin. Suntsitutako mundua berregin beharko dugu istorioko heroiari lagunduz: bide berbera hainbat begiztetan zeharkatuko du, ibilbide bakoitzean mundua eraldatuz.

Gu izango gara, hain zuzen ere, bidea birsortzeaz arduratuko garenok: oraingoz PCan zein kontsoletan, baina, esan bezala, apiriletik aurrera Android eta iOS gailuetan baita.

Hirugarrenik, My Summer Carren proposamen eroan barneratu gara. Finlandian sortutako joko honetan herrialdeko gazteen bizimodua ikusiko dugu… bueno, ez dakigu, egia esan. Auto bat konpontzea izango da helburu nagusia, baina horretarako mundu irekia esploratzen ibili beharko gara era guztietako misio bitxiak gaindituz.

Biziraupen eta gidatze mekanikak biltzen ditu, baina gure esku egongo da aurrera egitea, jokoak ez baitigu inolako gidaritzarik eskainiko. PCan joka dezakegu.

Bukatzeko, Yakuza mafiosoen laugarren abentura bukatu dugu. Aspaldiko bideojokoa orain gutxi birmasterizatu zuten egungo plataforma gehienetarako, eta, zer esango dugu, ezin izan diogu bere proposamenari uko egin. Kiryu Kazuma mitikoari beste hiru protagonista gehituko zaizkio oraingoan, bakoitza bere istorioarekin nahiz abileziekin.

Sagaren bihotzak eta arimak bere horretan jarraituko du, noski: Tokioko Kamurocho auzora —Kabukicho ezagunaren bertsio alterniboa— itzuliko gara beste behin dramaz, traizioz eta umorez betetako abentura bizitzeko.

Hurrengo podcasta

KULTURKUBOA : Elenaren « Lurralde Komantxetik » Xabierren « Artxipelagora » ...

al. Api 8 , 2024