Iraileko bideojoko estreinaldietan daude ‘AstroBot’ eta ‘The Legend of Zelda’

Bosgarren denboraldiarekin hasi gara Game Erauntsia irratsaioan, beti bezala, bideojokoen gaurkotasuna euskaraz jorratuz. Iraileko estreinaldiei begira jarri gara lehenik eta behin, eta, zer esango dizuegu: Astro Bot, The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom edo Warhammer 40K: Space Marine 2 bezalako jokoekin udako oporrak bukatzeak ez digu horrenbeste min egiten.

PlayStationen robot txikiaren abentura berria kaleratu da jada, eta askok maisulana dela diote. Zeldaren —printzesaren, ez Link heroiaren— jokoa, berriz, hilabete bukaeran jasoko dugu. Tartean, Age of Mythology: Retold, Ace Attorney Investigations Collection, Marvel Vs. Capcom Fighting Collection: Arcade Classics, Final Fantasy XVI, The Plucky Squire, God of War: Ragnarok eta Ara: History Untold merkaturatuko dira, besteak beste. Esaten genuena ulertzen duzue orain, ezta?

Berri txarrak ere iritsi zaizkigu, ordea. Concord PlayStationen azken bideojoko handiak ez ditu aurreikusitako emaitzak lortu. Hori dela-eta, jokoa kaleratu eta bi astetara egileek «desaktibatzea», bertan behera uztea, erabaki dute: Concord saltzeari utzi, eta zerbitzariak itxi dituzte. Zer suposatuko du honek PlayStationen zerbitzu bidezko jokoen etorkizunean?

Euskal Herrira begira jartzeko aukera ere eduki dugu oporretatik itzulita. Udan bi euskal bideojokoren aurkezpenak ikusi ditugu. Alde batetik, Bilboko Gaua Games estudioak Darby is Here Forever atsegina iragarri du: plataforma joko klasikoa izango da. Bestetik, Gasteizko Ametz Games garatzaileak Detective Firefly sortzen ari dela jakitera eman du: abentura grafiko klasikoen ibilbidea jarraituko duen obra interesgarria da.

Hurrengo podcasta

Session #64 The Txirritz

az. Ira 11 , 2024