Udako aurkezpen handietarako prestatzen gabiltza, baina, aurretik, ezusteko ederra hartu dugu garatzaile independenteen eskutik. The Triple-i Initiative ekimena antolatu dute 30 estudio txikik, denetariko tituluak aurkeztu dituzte. orien artean,
Mega Crit taldea, beraz, Slay the Spire karta joko arrakastatsuaren jarraipena sortzen dabil. Unity garapen motorea alboratuta, Godot-era igaroko dira, baina originalaren oinarri guztiak errespetatuz. Dead Cells-en sortzaileek osatutako Evil Empire estudioa izango da, bestalde, Pertsiako printzearen joko berriaren arduradunak: 2.5D plataforma eta roguelike abentura prestatuko dute.
Aipatutakoez gain, indien aurkezpenak Shadows of Doubt, Hyper Light Breaker, Cataclismo, What the Car?, Wizard of Legend 2 eta askoz obra gehiago ezagutzera emateko balio du, azken hilabeteetako ekintzarik borobilenetakoa eginez.
Albisteekin jarraituz, Star Wars Outlaws itxurosoaren kaleratze data ezagutu dugu azkenik: abuztuaren 30ean argitaratuko dute Ubisoftekoek. Mundu irekiko jokoaren trailer zinematikoarekin batera iragarri dute eguna, Kay Vess sari ehiztariaren istorioa azalduz.
Hurrengo Battlefield jokoaren xehetasunak ezagutu ditugu, gainera. Criterion, DICE eta Ripple Effect estudioak arduratuko dira, ohi bezala, garapenaz, baina kide berria edukiko dute: EA Motive-n laguntza jasoko dute. Azken hau Iron Man berria prestatzen ari da gaur egun.
Bukatzeko, Fallout 4ren eguneraketa berria, Warhorse Studios-en iragarpena eta Bilbon sortzen dabiltzan The Ultimate Tomato Run ezagutu ditugu Game Erauntsia irratsaioan.