BERBAZ: Diana Franco digitalizazio prozesuan, begirada kritikoaz

Digitalizazio prozesuaz hitz egiten du berak, kontu bizia delako, guztiongan eragiten du eta gugan dago prozesu horretan eragitea. Azken urteotan hor du arreta jarria, besteak beste, feminismotik digitalizazio prozesu horretako kapitalismoari aurre egin nahian.

Ordenagailuen parekako loturen sare dezentralizatutik, zerbitzari erraldoiz beetetako etxaldeetatiko “hodeira” pasa omen gara azken hamabost urteetan, eta horrek botere handia uzten, gutxi batzuen esku.

AEBn kokatutako enpresa gutxi batzuk, GAFAM (Google, Amazon, Facebook, Apple, Microsoft) delakoa nagusiki, ari dira bihurtzen gure jardun digitalaren ardatz , eta horrek menpeko bihurtzen gaitu. Gure jardunaren datu metatuak eta sortzen dugun jakintza euren esku uzten ditugu, eta hortik dirua egiten dute haiek, ez dakigula zehatz nola.

Gure pentsamenduan, izaeran eta jokaeran (subjektu politiko eta kritiko gisa eta erosle gisa) eragiten dute, baiki, euren sistemari estuago lotzen garen heinean, areago. Adimen artifizialak nora joko duen, beste enigma bat, arrisku nabarmenak tartean.

Horren inguruan ikastea eta kontziente izatea dagokigu orain. Zer tresna erabiltzen dugu, zertarako, nola eta zer neurritan? Eta nola sor genitzakeen guk gure tresnak eta komunikazio sareak?

Ikastetxeetakoa (hurrengo belaunaldiengan eragin handia dugunez), eta erabiltzaile handi diren gurasoena, eremu estrategikoak orain. Erosokeriaz ibili gara azken urteotan, “dena eginda, erraz eta dohan” eskaintzen digute Google bezalako enpresa pribatu estatubatuarrek, eta hori hartu izan dugu, akritikoki. KrokaKrola emango bailieten (jaurlaritzak ordainduta) umeei jolastorduan egarria kentzeko.

Badira hamaika lagun eta talde (Librezale, Tolosaldeko Lanbide Hezkuntzako zentrua, Luberri Alex Gabilondo) bestela eragin nahian eta badago alternatiba ugari software librean (Linux sistema eragilea, epostarako Tutanota edo Protonmail; Mastodon sare soziala; NextCloud sarean agiriak partekatzeko, Mozilla nabigatzeko,…), badira bide aberasgarriagoak, eta horietan barna dabil beste lagun ugarirekin Diana, azken aldian, ulertzen saiatzen, eta ikasitakoa han-hemen partekatzen.

Kantak:

Dr Who serialeko soinu banda (Delia Debisire)

Tiempo de híbridos (Rockdrigo González)

Erreferentziak:

https://librezale.eus
Hezkuntzan Ere Librezale (www.hezkuntzanlibrezale.eus)
https://t.me/hezkuntzanlibre (Telegram talde irekia)
Reciclanet ordenagailu berrerabiliak
https://swiso.org (software alternatiba etikoak, pribatutasun agoleak eta erabilterrezak
Luberri hezkuntzarako GNU/Linux distribuzioaren bertsio berriaren aurkezpen bideoa

Deskargatu hemen.

Hurrengo podcasta

BERBAZ: Diana Franco digitalizazio prozesuan, begirada kritikoaz

al. Urr 26 , 2020