Podcast: Play in new window | Download
Jonan Ordorikaren asmoa, berez, heriotza baino lehenago argitaratzea zen. Soka lehenago eten zen ordea. Seguru gaude, Lou Reed-ek hil aurretik bere kantuak euskaraz entzun izan balitu, interes bereziz jarraituko zukeela proiektua. Lagun batek egina izanda, are gehiago. Ez gara alferrik Europako hizkuntza zaharrenaren herrikoak, ez ditugu alferrik zetak eta erreak horren zeta eta erre ahoskatzen.
Bere taichi irakaslearekin joaten omen zen Lou Reed alde guztietara. Hala joan ziren Azkarateraino ere. Gatzatua jan, taichi apur bat egin, eta deskantsua hartu. Bitartean, ordorikarrak izango zituen inguruan, idolo huraxe bera Katarain estudioetako mikroei begira zegooela ezin sinetsirik.
Hitzak itzultzean, kantua bera ere itzuli egiten da, gradu gutxiagoan bada ere. Joaneko eta itzulerako jokoa da bertsioena. Har dezagun, adibidez, Romeo had Juliette, Ruper Ordorikak kantatua. Berez urbanoa den istorio bat, gure kantaririk urbanoenak performatua. Natural doa dena, berezkoa balitz bezala. Azkarateko belardietan zehar ere natural joango litzateke, Manhatattanen bageunde bezala.