SOINUGELA: God Save the Queen, Vangelis, Ronnie Hawkins, Bob Neuwirth, Alan White, Jamaika independentea

Gaur 2022/23 ikasturte berriaren lehenengo Soinugela azkeneko hilabeteotan hil diren musikarien lanekin hasi gara. Lehenengoa ez da musikaria, ordea, politikaria baizik. UKko erreginari Sex Pistols taldeak 1977an God Save the Queen kantu ironikoa eskaini zion, eta gu abesti hura entzuten abiatu gara.

Iragan maiatzaren 17an, 1943an Tesalonikan jaiotako Evángelos Odysséas Papathanassíou, Vangelis, hil zen. 60ko urteetan arrakasta handia izan zuen Aphrodite’s Child taldearekin, baina gero hainbat filmetarako soinu-bandarekin arrakasta are handiagoa izan zuen. Guk Blade Runner filmaren amaierako doinu zati bat entzun dugu.

Ricky Gardiner gitarra jolea hil da. David Bowie eta Iggy Pop-ekin lan ederrak egindakoa zen. 1977an Iggyren Lust for Life diskoan zeuden bi kantu entzun ditugu: The Passenger eta Neighbourhood Threat.

Alan White bateria jolea maiatzaren 26an hil zen. 1970ean John Lennonek eskatu zion bere taldearen jotzailea izatea, Whitek 20 urte besterik ez zituela. Yes taldean, Bill Brudforden ordezkoa izan zen Whitek, John Lennonen Imagine kantu ahaztezinean bateria jo zuen.

Ronnie Hawkins ere zendu berri da, Arkansaseko rock jotzaile klasikoa. 1958an The Hawks bere taldearekin joan zen Kanadara eta bertatik aintzinako r’n’r jotzaile klasikoa bilakatu zen. Gero, The Band, Dylanen talde mitikoan ibili zen. Ronnieren kantu batzuk entzun ditugu: Mary Lou (1958), John Henry (1960), One Too Many Mornings (1970), Odessa (1971) eta Lonely Weekends (1971).

Bob Neuwirth margolari eta kantu egilea ere joan zaigu. 1939an jaioa, luzaroan Bob Dylan-en lagun mina izan zen, hori posible bada. Horrez gain, Janis Joplin, Kris Kristofersson, Patti Smith eta John Caleren kolaboratzailea ere izan zen. Bere kantu batzuk entzun ditugu: Mercedes Benz (1974), Rock’n’roll Time (1974), Havana Midnight (1999).

Jamaikak 1962an lortu zuen independentzia, abuztuaren 16an. 50. urteurrenean, Trojan diskoetxeak Rise Jamaica CD bikoitza kaleratu du, urte hartan grabatutako hainbat bluebeat eta ska kanturekin. Guk, gurea lortu barik, poztu egiten gara eurena ospatzen baita garai hartako kantu batzuk entzunez ere: Independence Song (Prince Buster), Four Corners of the World (Roland Alphonso), Jamaican Rock (Byron Lee and the Dragonaires), Rico Special (Rico Rodriguez), Miss Jamaica (Jimmy Cliff), Independent Jamaica (Lord Creator), Forward March (Derrick Morgan).

 

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: God Save the Queen, Vangelis, Ronnie Hawkins, Bob Neuwirth, Alan White, Jamaika independentea first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

SARE ON #29

ig. Ira 18 , 2022