Iragan astean My Morning Jacket taldearekin bukatu genuen irratsaioa, baina kantu pare bat gehiago entzuteko asmoa genuen. Disko berrian ez dago minutu bat bera ere soberan. Gaur berreskuratu ditugu kantuok: Least Expected eta Lucky to Be Alive.
Pasa den urtarrilaren 20an, Nashvilleko bere etxean, Marvin Lee Aday, Meat Loaf goitizenekoa, zendu zen. Kantari honek Jim Steinmanen abestiekin arrakasta izugarria lortu zuen eta Bat Out of Hell hirugarren diskorik salduena izan da rock-aren historian, Thriller eta AC/DCren Back in Black diskoen ondotik. Disko hartatik You Took the Words Right Out of My Mouth (Hot Summer Night) entzun dugu.
Curtis Mayfield (1942-1999) AEBetako singer-songwriter handienetakoa izan zen, soul esparruan hain zuzen ere, 33 urtez, bi hamarkada bakarlari gisa eta aurreko 13 urtean The Impressions hirukotean burua izanik, ibilbide paregabea izan zuen. Iaz People Get Ready bilduma kaleratu zen, non hainbeste kantari beltzen bertsioak bildu ziren. Entzun ditugunak: Gypsy Woman (The Impressions, 1961), Mama Didn’t Lie (The Orlons, 1963), The Monkey Times (The Miracles, 1963), It’s All Over (Walter Jackson, 1964), He Will Break Your Heart (Freddie Scott, 1967), People Get Ready (Dionne Warwick, 1969), That’s What Love Will Do (The Gaylads, 1969), Keep On Keeping On (Curtis Mayfield), Look into Your Heart (Aretha Franklin), I’ve Been Trying (Jerry Butler, 1964), Let’s Do it Again (Staples Singers, 1975).
Alemaniako CAN taldeak 70eko hamarkadan doinu izugarri arrakastatsuak egin zituen, rock eta jazz fusioa eginez. Haietako batzuk entzun ditugu: She Brings the Rain (1969), Spoon (1971), Vitamin C (1972), Future Days (1973) eta Dizzy Dizzy (1974).
70eko hamarkadan Brent Dowe and The Melodians Jamaikako talderik arrakastatsuenetakoa izan zen. Aintzinako bi LP berreskuratu eta CD bikoitzean plazaratu ditu Doctor Bird diskoetxeak. Bertatik entzun ditugu: Built Me Up, A Little Bit of Love eta Don’t Get Weary.
Elvis Costello and The Imposters taldeak The Boy Named If bilduma berria ekarri digu. Datorren astean, patxadaz, kantu gehiago entzungo ditugu baina, momentuz, Farewell, OK entzun dugu, Costello Mersey ibaiaren ondoan dagoen Liverpool hiritik datorrela ez ahazteko.
The post SOINUGELA: Meat Loaf, Curtis Mayfield, CAN, The Melodians, My Morning Jacket first appeared on Bilbo Hiria irratia.