Uda honetan hil diren musikari maitagarri batzuen musika ekarri dugu ikasturte honetako lehenengo saiora. Dusty Hill Texaseko baxu jolea luze ibili zen ZZ Top taldean. Iragan uztailaren 27an zendu zen, lotan zegoela. 73 urte zituen eta 1969ean, Bill Gibbons-ekin batera, ZZ Top blues-rock taldea sortu zuen. Euren abesti batzuk entzun ditugu: Beer Drinkers and Hell Raisers, La Grange, Tush, Gimme All your Lovin’ eta Chartreuse.
Byron Berline bibolin jolea uztailaren 10ean hil zen Oklahoma City-n, 77 urte zituela. Bluegrass musikaria izan zen, baina jazz, blues eta rock esparruetan ere jo zuen. Entzun dizkiogun kantuak Country Gazette taldekoak dira: Lost Indian, Huckleberry Hornpipe eta Teach Your Children.
Abuztuaren 24an hil zen Charlie Watts, The Rolling Stones taldearen bateria jotzailea. Hilaren hasieran iragarri zen Charliek ez zuela parte hartuko AEBetan hastear dagoen The Stolen bira berrian. Jazza maite zuen, baina gauzak zer diren, rocka jotzen aberastu zen. Entzun ditugun abestiak: Jumpin’ Jack Flash, Honky Tonk Women eta Stompin’ at the Savoy.
The Everly Brothers bikotea ezinbestekoa izan zen rock eta country eszenetan. Phil Everly 2014an hil zen eta bere anaia Don iragan abuztuaren 21ean joan zitzaigun, Nashvillen. Ahozko armonia ia perfektuak egiten zituzten eta eraginkorrak oso izan ziren pop musikaren garapenean. Entzun ditugun abestiak: Bye, Bye Love, Wake up Little Susie, All I Have to Do Is Dream, Sea of Heartbreak, A Whiter Shade of Pale eta Mama Tried.
Jamaikako Lee Scratch Perry reggae musikari eta ekoizlerik garrantzitsuenetakoa izan da azkeneko sei hamarkadotan. Abuztuaren 29an hil zen Lucea herrian, Jamaikan bertan, 85 urte zituelarik. Entzun ditugun bere kantak: Soul Rebel (Bob Marley & The Wailers), War in a Babylon (Max Romeo), Police and Thieves (Junior Marvin), Congoman (The Congos) eta Return of Django (The Upsetters).
Deskargatu hemen.
The post SOINUGELA: Dusty Hill (ZZ Top), Byron Berline, Charlie Watts, Don Everly, Lee “Scratch” Perry first appeared on Bilbo Hiria irratia.