SOINUGELA: Rotten XIII, Amak, Stax-eko hegoaldeko soinua, Van Morrison, John Hiatt, Derrick Harriot

Gaurko urrezko kantua Tafalla eta Larragan sortutako Rotten Amairu taldeak ekarri digu. Nafarroa berriz altxa dinamikarako egindako abestia dugu, Noaingo guduaren 500. urteurrenean. Euskaldunon estatua berreskuratzeko azken ahalegin nabaria oroitzeko ekainaren 19an deialdia dago Iruñean eta, horren harira sortu dute hemen ikus dezakegun kanta eta bideoklipa.

Amak taldeak bere lehendabiziko bilduma aurkeztu digu Baga Biga diskoetxearen bidez. 2019an sortu zen Oñatiko trikiti jaialdi batean. Beraien leloa “Lau soinu, lau pandero, lau ahots… lau emakume”: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano dira. Eurekin batera gizonezko beste musikari trebe batzuk ere badaude: Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Xabi Solano eta Arkaitz Bastarrika. Doinu guztiak eurenak dira eta hitzak ere bai, baina Onintza Enbeitak eta Karmele Jaiok ere lagundu diete olerkiekin. Taldearen izen bereko diskotik entzun ditugunak: Atsolorra, Luzaroan, Gona gorria, Zure izena eta Amorra zaitez.

Memphiseko Stax diskoetxeak ehunka grabazio egin zituen eta batzuk orain kaleratzen ari dira estreinakoz. Everybody Makes a Mistake Ingalaterrako ACE diskoetxeak kaleratu duen bilduma berrian hainbat urtez izozturik egon diren hainbat kantu entzun ditzakegu. Guk bertatik hauek entzun ditugu: I’ll Do Anything For Your Love (Single edit) (William Bell), Everybody Makes A Mistake (Eddie Floyd), Standing In The Safety Zone (The Soul Children), I’m Tired (Mavis Staples), It Takes Me All Night (Eddie Giles) eta I’m Too Old To Play (Jimmy Hughes).

Van Morrison irlandar abeslariak hiru kantu egin eta Internetez banatu zituen, pandemia garaian itxieraren kontra. Morrison beti gizon tematia izan da, norabide ilunetan sarri. Oraintsu 28 kantu berriko bilduma aurkeztu du, Latest Record Project izenpean. Guk hiru aukeratu ditugu bertatik, entzuteko: Where Have All the Rebels Gone, Tried to Do the Right Thing, Big Lie eta Psychoanalysts’ Ball.

John Hiatt singer-songwriter handia berriro bueltatu da, orain Nashvillen, RCAko B. estudio ospetsura, Jerry Douglas dobrojole trebearekin, eta Leftover Feelings kantu berri bilduma ederra eskaini digu. Bertatik entzun ditugunak: Long Black Electric Cadillac, Mississipppi Phone Booth eta The Music Is Hot.

Jamaikako Derrick Harriot produktoreak, The Crystalites taldearen hainbeste kantu eder ekoitzi zituen 1969-1973 tarte hartan, non reggae musikak eremu propioa sortu zuen. Haietatik batzuk entzun ditugu: Biafra, A Fistful of Dollars, Lady Madonna, Time Is on My Side (Rudy Mills), Keith + Tex Medley (Keith and Tex), Black Moses (The Preacher), eta Tougher than Though (Augustus Pablo).

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: Rotten XIII, Amak, Stax-eko hegoaldeko soinua, Van Morrison, John Hiatt, Derrick Harriot first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

RATZENOFF 125

az. Eka 9 , 2021