Podcast: Play in new window | Download
Ospatzekoa da —baina tartean polemikak ere badatoz—, eta saio berezia eskaini nahi izan diogu gailuaren aurkezpenari. Ia ordubeteko Direct zuzenekoarekin hasi dute iragarpen kanpaina —Game Erauntsiaren YouTube zein Peertube kateetan ikus dezakezue gure jarraipena—, eta, datu batzuk aipatu gabe geratu badira ere, kontsola bere osotasunean ezagutu dugula esan dezakegu.
Kontsola hibridoaren aurrean gaude berriz: modu eramangarrian erabil dezakegu, 7,9 hazbeteko 1080p/120hz LCD pantailarekin, baita bigarren pantaila bati konektatuta ere, 4K bereizmeneraino iritsita.
C botoia da Switch 2aren protagonistetako bat: GameChat zein GameShare ezaugarriak ahalbidetuko ditu —ordainduta—, audio nahiz ahots txatak eta jokoak partekatzeko aukera eskaintzeko.
Ez gara bideojokoak aipatu gabe geratu, noski. Mario Kart World, Donkey Kong Bananza, The Duskbloods, Kirby Air Riders, Hyrule Warriors: Age of Imprisonment eta beste hainbat datoz Nintendoren aldetik. Hirugarrenen enpresek, gainera, Elden Ring, Cyberpunk 2077, Hollow Knight: Silksong edo Final Fantasy VII Remake eramango dituzte N handiaren txoko berrira.
Prezioa… zer gertatzen da prezioarekin? Hor dago koska: 469,99 eurotan erosi ahalko da kontsola, baina, Mario Kart Worldek, adibidez, 90 euro balioko ditu. Haserrea eta ezinegona eragin ditu zaleen artean… baina, salmententzat oztopoa izango ote da?