‘Silent Hill f’ eta ‘No Rest for the Wicked’ jokoek zur eta lur utzi gaituzte

Bideojoko zehatzei zuzendutako aurkezpen txikiak ikusten gabiltza egunotan. Nagusienak Konami eta Moon Studios enpresenak izan dira: Silent Hill f zein No Rest for the Wicked tituluen berritasunak eskaini dizkigute, eta sekulako itxura daukatela aitortu beharra daukagu.

Alde batetik, Japonian girotutako lehen Silent Hill izango da f; zehazki, 1960. urteko herrixka batera eramango gaitu. Hori bai, sagaren ohiko elementuak bilduko ditu: beldurra, esplorazioa eta puzzleak behelaino madarikatuarekin, zalantzekin nahiz damutzeekin uztartuko ditu. NeoBards Entertainment estudio taiwandarrarekin, Ryukishi07 gidoilariarekin eta sagaren jarraitzaileek ondo ezagutzen duten Akira Yamaoka musikagilearekin elkartu da Konami.

Bestetik, iaz aurretiazko sarbidean estreinatutako No Rest for the Wickedek bigarren gaurkatze handia iragarri du: The Breach. Denetariko eduki berriekin iritsiko zaigu apirilaren 30ean; ez hori bakarrik, jokalariek eskatutako hainbat aldaketa esanguratsu ere ekarriko ditu. Dark Souls edo Diablo elkartzen dituen ARPG itxurosoa garatzen dabiltza Ori sagaren arduradunak: early access fasea bukatzerakoan PCan, PS5ean zein Xbox Series-etan ikusiko dugu.

Niantic enpresaren erosketaren berri eduki dugu: Scopely enpresak Pokémon Go, Pikmin Bloom edo Monster Hunter Now ezagunak bereganatu ditu 3.500 milioi dolarren truke. Atzean dagoena, baina, ez zaigu horrenbeste gustatzen: Saudi Arabiako printze oinordeko Mohammed bin Salman-i lotuta dago Scopely.

Berri pozgarriagoetara igaroz, Counter-Strike 1.6 mitikoaren zaleentzako oparia dator. Hori berpiztea da CS: Legacy proiektuaren helburua: berregitea aurkeztu, eta Steam bidez kaleratzeko asmoa iragarri du CSPromod eraldatzea sortu zuen zale talde berberak.

Hurrengo podcasta

«Nekazaritzan izan diren parametro historikoak asko hobetu ditugu»

az. Mar 26 , 2025
Pribatutasun politika

Web honek cookie-ak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaileei esperientzia onena eskaini ahal izateko.

Cookie-en informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbt funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo webguneko atal interesgarri eta erabilgarrienak aurkitzen laguntzea.

Pribatutasunari, legezko eskubideei eta cookie-ei buruzko informazio guztia duzu gure pribatutasun-orrian zein cookie-etan