Podcast: Play in new window | Download
Eguberrietako kanpainak indar betean jarraitzen du. Bai, badakigu azaroa ez dela hilabeterik interesgarriena izaten askorentzat, baina bideojokoen aldetik zer eman dauka: egunotako estreinaldien agendan urteko titulurik handienetakoak daude.
Nabarmengarriena, zalantzarik gabe, GSC Game World estudio ukrainarra hainbat urtez prestatzen ibili den S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl ikusgarria da. Hala ere, Microsoft Flight Simulator hegazkintza simulagailu ezagunaren 2024ko atala, Dragon Quest III mitikoaren HD-2D berregitea zein Mario & Luigi JRPG sagako Brothership ederra datoz, besteak beste, egunotan. Euskaraz estreinatuko den euskal joko berria iragarri dugu, baita: Voodoo Strikers nafarra.
Kontsola berria ere jasoko dugu; tira, ez da guztiz egia. PlayStation 5 gailuaren Pro modeloa merkaturatuko dute azaroaren 7an. 799 eurotan iritsiko da saltokietara, PS5aren bideojokorik esanguratsuenak biziberritzeko asmoarekin: 70 bat joko baino gehiago hobetuko dituzte eguneratutako modeloarentzat.
Sony aipatuta, bere azken mugimendua ere aditzera eman beharra dago; izan ere, Firewalk Studios eta Neon Koi estudioak itxi ditu. Lehena da esanguratsuena: Concord porrotaren egileak dira. Halere, zerbitzu jokoekin jarraitzeko asmoa daukte PlayStationekoek.
Jokotenia Bideojaokoen Euskal Jardunaldia
Bukatzeko, Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren topaketa aurkeztu dugu. Azaroaren 9an Bilboko Euskararen Etxean izango gara berriz.
Goizean bideojokoen munduko denetariko aditu euskaldunak batuko ditugu, lau hitzaldi eta mahai ingurua eskaintzeko; arratsaldean, bestalde, euskaratutako bideojokoak ezagutzeko eta probatzeko tartea egongo da Gamer Gela saioan. Informazio guztia jardunaldiaren webgunean aurki daiteke.