Euskal Game Jam 2 topaketak 23 bideojokogile baino gehiago bildu ditu

Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak antolatutako Euskal Game Jam 2 topaketa burutu da. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzera bideratutako ekimenak 23 bideojokogile baino gehiago elkartu ditu.

Zer lortu dute bertan? Bederatzi bideojoko kaleratzea… berezitasun txiki batekin: 48 orduko epean sortutakoak dira. Euskal Game Jam 2aren itch.io webgunean aurki ditzakegu guztiak; ez hori bakarrik, jokatzeko aukera daukagu. Ekimena arrakastatsutzat jo dute antolatzaileek, eta, beste behin, bideojokoen industriak Euskal Herrian daukan indarra ezagutarazteko balio izan du.

Euskal Herriko bideojokoekin jarraituz, Bilboko Relevo estudio oparoak iragarritako titulu berria ezagutu dugu. Terrifier The ARTcade Game izenpean, izen bereko beldurrezko filmeetan girotzen da 80ko eta 90eko hamarkadetan arkade aretoetan ikus genitzakeen beat ‘em up klasikoen zaporea berreskuratzeko.

Aurkezpenak maite ditugu, eta horientzako tartetxoa ere eduki dugu gurean. Xbox-ek hirugarrenen enpresekin elkarlanean antolatutako Partner Preview zuzenekoa burutu du, denetariko ezusteko politak utzita. Subnautica 2 ofizialki ezagutu dugu, adibidez; gainera, FBC: Firebreak, Wuchang: Fallen Feathers edo Alan Wake IIren espantsioa ikusi ditugu.

Xboxetik PlayStation-engana goaz… baita ordenagailuengana. Izan ere, Marvel’s Spider-Man 2 arrakastatsua PCan estreinatuko dela iragarri dute PlayStation Studios-ek eta Insomniac Games-ek: urtarrilaren 30ean jokatuko dugu Peter Parker eta Miles Morales superheroien azken abenturan.

Hurrengo podcasta

Leire Amenabar · Euskal Herria harrera herri euskalduna?

az. Urr 30 , 2024