Zenbaitek pentsatuko duzue animaliei buruzko podcasta bihurtu dela BTN, eta ez. Lehen ere aritu izan gara animaliei buruz, baina orain ustezko pertsona eta animalien arteko antzekotasunak argi eta garbi azaleratu nahi ditugu. Nor ez da sentitzen adarbakar, edo ardi beltz, talde handi batean? Edo bizitzan ezarritako normatik kanpo dabilenean? Eta ez gara futbolaren ordez windsurfa egiteaz ari. Baina txanponaren beste aldean, geroz eta adarbakarragoak ere izan nahi dugula dirudi, geroz eta bereziagoak, bakarragoak; baina taldearen barruan, noski.
Badira adarbakar izaera aldarrikatzeko bere momentuan "moñoa" egin eta kendu ez dutenak, eta horietako bat da Amets Aznarez Iruñeko musikaria. Horregatik gonbidatu dugu BTN-ra, animaliez baino, musikaz, festaz, txarangez, gizonen espazioetan egoteaz eta beste hainbat kontutaz aritzeko.
Amaitzeko, Edurne Azkaratek aniztasunaz hitz egin digu. Bere esanetan, aniztasuna ez delako adarbakar solte horiek hartu eta gure espazioetan jartzea euren papera bete dezaten, kolorea eman diezaioten, edo dagokiena defenda dezaten. Eman digu zer pentsatua oiondarrak.
ARGIAk ekoitzi eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika Sailak babestutako saioa da BTN.