Dragoi Bola, Dragon Quest eta Chrono Trigger: Akira Toriyama maisuaren bideojokoak gogoratu ditugu.
Mangaka omendu gura izan dugu Game Erauntsian. Bestetik, ‘Marioren Egunak’ ekarri dituen iragarpenak ezagutu ditugu.
Dragoi Bola eta Slump Doktorea manganime maitatuen sortzailea joan zaigu, euskaldunoi Japoniara begira jarri ondoren. Son Gokuren zein Araleren aitari mangak baino gehiago eskertu behar dizkiogu, halere: Dragon Quest, Chrono Trigger edo Blue Dragon bikainen munduen sortzailea izan zen.
Hori dela-eta, azken irratsaioan maisuaren ibilbidea gogorarazteari ekin diogu, bitxikeriak nahiz gure gustuko jokoak ekarrita: DQko slime munstro ezagunaren jaiotza, Cronoren abenturan egindako agerpena edo Dragoi Bolaren jokoetan borrokak baino askoz gehiago aurki ditzakegula nabarmendu ditugu. Agur eta eskerrik asko, Toriyama-sensei.
Albistegian Mario iturginari begira jarri gara, bestalde; izan ere, martxoaren 10a Nintendo-ren pertsonaiaren eguna dugu, MAR10 Day. Shigeru Miyamoto sortzaileak egindako aurkezpen bereziak denetariko berriak ekarri dizkigu: Paper Mario TTDY edo Luigi’s Mansion 2 HD jokoen argitaratze datak zein The Super Mario Bros. Movie filmaren jarraipenaren iragarpena aipatu ditu garatzaile beteranoak.
Nintendo izan da beste albiste bateko protagonistetako bat: Yuzu emulatzaileari salaketa jarri eta bi erakundeak akordio batera iritsi dira. Ondorio nagusiak? Yuzu eta Citra emulatzaileen proiektuen desagerpena.
Xbox-ek antolatutako Partner Preview aurkezpenaren berri eman genuen aurreko irratsaioan, eta oraingoan erakutsitakoak ezagutzeko unea da. Esperotakoa baino joko gehiago bildu dituzte Redmond-ekoek, eta, ez dugu gezurrik esango, interesgarriagoak ere bai: The Alters, Kunitsu-Gami, S.T.A.L.K.E.R. Legends of the Zone Trilogy edo Persona 3 Reload: Episode Aigis – The Answer ekarri ditugu saiora.