Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa, zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Hari honi tiraka idatzi du otsaileko Larrun aldizkaria Pello Zubiria kazetariak eta bertako gako nagusiak azaldu dizkigu saio honetan Gorka Peñagarikanok gidatuta.
Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur idortzen dira elikagaiak sortzeko ahalmena eta biodibertsitatea murriztuz eta berehala euriteek eragindako higadurak lurrazalaren geruza bizidunak arrastan daramatza itsasorantz. Hirietaneta mundu osoa ari da bilakatzen hiri– atzo egarriz zeuden kaletarrak gaur kontrolik gabeko uholdeek asaldatzen dituzte.
Klimaren zoratzearen inguruan narratiba nagusia zentratuta dagoen arren berotze globalean eta berotegi eragineko gasen kontrolatu behar eta ezinean, gero eta aditu gehiagok egiten diote arreta euri uraren kudeaketa okerrak klima hondatzearen argazki osoaren barruan daukan garrantziari. Uraren paradigma berri bat aldarrikatzen dute, azken hamarkadetan ezarritakoa ordezkatzeko: euriek ekarritako ura gure ondotik ahalik eta laster eta urrutien bidaltzeko ordez lekuan eusten saiatu, lurzoruan barnatzen lagundu, ur gez horrek lehorrean ematen duen denbora luzatzen ahalegindu… eta biziberritu lurzoruetako bizia, landareak, heskaiak, itsasoetatik lehorrerantz are euri gehiago erakar dezaten.