Martin Aramendi Arana (EH Bildu) egungo Ataungo alkatea gonbidatu nahi izan dugu astelehen honetako saiora, azken lau urteetako balorazio bat egin eta datorren legegintzaldirako begirada bat egiteko. Izan ere, 2019-2023 legealdirako 563 boto jaso zituen EH Bilduk eta berak gidatutako taldea izan da udalaren jabe. 408 boto jaso zituen berriz EAJ-k eta PSE-EEk 10.
Elkarrizketarekin abiatu ahal izateko, azken urte hauetako balorazio bat eskatu nahi izan diogu egungo alkateari. Eguneroko jardunean hamaika kontu izan dituztela kontatu digu, gainera «tartean pandemia bat tokatu zaigu, eta ez da urte erraza izan» azpimarratu du. «Aurrez prestaturiko programa alde batera utzi behar izan dugu» dio, baina balorazioa positiboki itxi dutela zehaztu du egindako lan guztiaren ondoren.
Duela lau urte herriari zerbait eskaintzeko beharra sentitzen zuen Aramendik, eta erakutsitakoarekin asebeteta geratu den galdetu nahi izan diogu. «Nik uste gure onena eman dugula eta saiatu garela Ataun hobe bat egiten» dio EH Bilduko alkateak, baina aurrera begirakoaren inguruan ere galdetu diogu eta bere hitzetan «orain artekoari jarraipena ematea» da asmoa. Aste honetan banatuko dute herri-programa, bertan sei puntu inguru aurkeztuko dituzte eta «horiek gauzatzen saiatu» nahi dute.
Programa horretan bildutako proiektu bakoitzari erreparatu nahi izan diegu elkarrizketa honetan, bakoitzaren inguruko xehetasunak luze eta zabal entzunaz Aramendiren ahotik. Amaitu baino lehen berriz, legegintzaldi honetan bere alboan izan dituen taldekideei eskerrak helarazi nahi izan dizkie egindako ekarpen guztiagatik, «datorren legealdian ez dira zinegotzi izango, penaz, baina lan handia egin dute» azpimarratu du.
La entrada «Ataun hobe bat egiten saiatu gara, eta horretan jarraitzea da gure asmoa» se publicó primero en Ataun Irratia.