Erretiro sistema erreformatzeko beharra nabarmentzen ari da Europa osoan zehar, pentsio publikoen egungo banaketazko antolakuntzan aldaketa demografikoak sortuko duen desorekaren aitzakia erabiliz. Aste honetan, Frantzian erretiro osoa eskuratzeko kotizazio urteak luzatzeko erreformaren aurkako 10. greba orokor eguna antolatu dute sindikatuek, eta azken hamarkadetako mugimendu sozial indartsuenetariko borroka garatzen ari da ondoko herrian eta baita Ipar Euskal Herrian. Testuinguru honetan pentsioen inguruko eztabaidari erreparatu diogu Lanaren Ekonomia irrati saioan.
Hasteko, erretiro eskubide duinaren aldeko Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduaren kidea den Jon Fanorekin berba egin dugu. Bost urte daramate astelehenero elkarretaratzeak egiten, hiriburuetan zein hiri eta herrietan. Fanok lortutakoa nabarmendu du, PP-ren garaiko miseria gainditzeko balio izan duena, beti ere mugimenduaren presioaren eraginez eta egungo Espainiako gobernuaren erabakien bidez. Hori onartuta, azken erreformen eskasia salatu du baita ere, bereziki Escrivak egindako erreformak aurreko murrizketen betikotzea ekartzen duela salatuz.
Ondoren, Frantzian pentsio erreforma gaitzesteko mugimendu soziala aztertu dugu. Asteartean bi milioi manifestari irten ziren kalera, eta azken asteetako ekonomia blokeatzeko joerak aurrera jarraitu du. Mugimendu sozialaren indarra ez da bakarrik langileen sindikatuen ekintzen ondorio zuzena, baizik eta borrokara gehitu diren ikasleen, ekologisten eta lan gabeko sektoreen parte hartzearena baita ere. Datorren asterako sindikatuak negoziazio mahaira deitu ditu gobernuak, eta Pariseko zabor biltzaileek greba eteteko erabakia hartu dute. Petrolio birfindegiko langileek, ordea, greba etengabean jarraitzen dute. Sindikatu guztiek, batasunari helduz, hurrengo greba iragarri dute datorren asteko ostegunerako, apirilaren 6rako.
Gaurko monografikoa bukatzeko, Jenofa Berhokoirigoin Argiako kazetaria izan da gurekin, Euskal Herriko zein Frantziako mugimenduaren jarraipenaren berri emateko. 13.000 manifestari izan dira Baionako azken manifestazioan, eta Miarritzeko aireportua blokeatu dute ekintzaileek. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko kideak Lapurdiko ekintza eta mobilizazioetan parte hartzen ari dira, Fanok esan digun bezala.
Deskargatu hemen.
The post LANAREN EKONOMIA: Frantziako grebak pentsio sistema publikoaren aldeko borrokaren beharra agerian uzten du first appeared on Bilbo Hiria irratia.