SOINUGELA: Burt Bacharach, Neil Young, Colin Irwin, Jack White, Kevin Coyne

Pasa den astean, otsailaren 8an, Burt Bacharach musika egile handia zendu zen Los Angelesen, 94 urte zituela. Bacharach herri musikaren egile handienetakoa izan da. Ehunka abesti egin zituen, askotan Hal David letragilearekin. Jazz musikatik etorri zen eta piano jole, orkestra zuzendari eta ekoizle aritu zen, besteak beste. Entzun ditugu bere kantu batzuk: I Say a Little Prayer (Aretha Franklin, 1965), Alfie (The Delfonics, 1968), I’ll Never Fall in Love Again (Dionne Warwick, 1969), The Look of Love (Dusty Springfield, 1967), Raindrops Keep Falling on My Head (B.J. Thomas, 1969), The Man Who Shot Liberty Valance (Gene Pitney, 1962) eta Toledo (Elvis Costello, 1998).

Neil Youngek berriro Crazy Horse taldearekin grabatu du, hirugarrenez azken urteotan. World Record izeneko bilduma osatu du. Rick Rubin ekoizle mitikoarekin aritu dira diskoa egiten eta, Youngek dagoeneko 77 urte dituen arren, kantu kementsuz betetako sorta gomendagarria da emaitza. Bertatik Love Earth, I Walk With You, The World Is in Trouble Now eta The Wonder Won’t Wait.

Colin Irwin Ingalaterrako kazetaria hil berri da. 1951an jaioa, Melody Maker, Folk Roots eta Mojo hedabideetan idatzi zuen, besteak beste, Irlanda, Eskozia, Gales eta Ingalaterrako musikari buruz. Asko ikasi dugu bere idazkiekin azken lau hamarkadotan. Hark inoiz nabarmendutako kantu batzuk entzun ditugu, Christy Mooreren eskutik: Fairytale of New York, Lisdoonvarna eta McIhatton.

Jack Whitek pasa den urtean bi bilduma argitaratu zituen jarraian. Lehenengotik udazkenean kantu batzuk ekarri genituen Soinugelara. Orain bigarrena berreskuratu dugu. Honetan folk-rock espiritua dakar Whitek. Ematen du Dylanen kantutegia ikertzen ibili dela. Entzun ditugunak: A Tip From You to Me, Help Me Along, Love Is Selfish, A Tree on Fire From Within.

Kevin Coyne, behin gutxienez, Bilbon izan zen eta kontzertu ikaragarria eskaini zigun. Coyne Ingalaterran inoiz sortutako kantari-kantuegile handienetakoa izan zen, baina lar ezezaguna ere izan zen, 40 disko grabatu bazituen ere. 2004an zendu zen Alemanian, erbesteratuta. 70eko urteen hasieran dozena erdi bilduma ezinbesteko grabatu zituen, Virgin disko etxean batez ere. Gaurkoan, Marjory Razorblade LP bikoitza ekarri dugu Soinugelara eta, bertatik, doinu hauek berreskuratu ditugu: Lovesick Fool, Sea of Love, Marlene, Talking to No One eta This Is Spain.

Deskargatu hemen.

 

The post SOINUGELA: Burt Bacharach, Neil Young, Colin Irwin, Jack White, Kevin Coyne first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Eguneko elkarrizketa - Leire Pagadizabal

ar. Ots 21 , 2023