Soinugela honetan joaten zaizkigun musikarien doinuak berreskuratzea gustatzen zaigu, agian gu ere adinekoak gara eta. Azkeneko asteotan hil diren musikariak izan ditugu gaurko lekukoak.
Pasa den irailaren 24an Arkansasen jaiotako Farrel Pharoah Sanders tenor saxo jolea zendu zen, 82 urte zituela. John Coltranerekin hasi zen Kalifornian, gero New Yorkera itzuli zen eta free jazz eszenan ezinbestekoa bihurtu zen. Impulse diskoetxerako grabatu zituen oso eraginkorrak izan ziren diskoak, 2021ean oraindik bilduma ederra grabatu zuen. Entzun ditugunak: The Creator Has A Masterplan eta Promises Movement 2.
Sonny West Texaseko Lubboken jaio zen, Buddy Holly moduan. Hollyren hasierako urteetan bi funtsezko kanturen egilea izan zen West. 85 urte zituela zendu da oraintsu. Entzun dizkiogu: Oh Boy eta Rave On.
John Till gitarra jole kanadarra hil da 76rekin. Janis Joplinen azkeneko grabazioan jo zuen. Disko hori jada Joplin hilda zegoela argitaratu zen, 1972an. Bertatik, Me and Bobby McGee eta Mercedes Benz entzun ditugu.
John Hartman bateria jole eta Doobie Brothers taldearen sortzailea izan zen. Handia izanik, “John txikerra” esaten zioten ironikoki. Iragan urteko abenduan zendu zen, baina oraintsu izan dugu haren heriotzaren berri. Entzun ditugu: Long Train Running, Black Water eta Jeus Is Just Allright.
Angus Gaye, Dummie Zab goitizeneko bateria jotzaile itzela zendu da irailean. Ladbroke Grove Londreseko auzoan jaioa, familia Grenada uhartetik etorritakoa zuen. Auzo horretan sortu zuten ASWAD reggae talde garrantzitsua. Entzun ditugu: Don’t Turn Around eta Warriors.
Zendutako beste bateria jotzaile bat Anton Fier izenekoa da, The Feelies taldean hasi eta, ondoren, beste askotan ibilia. Entzun ditugu: The Boy With the Perpetual Nervousness eta Everybody’s Got Something to Hide Except Me and My Monkey.
Jow Bussard irailaren 26an hil zen Maryland-en, sortutako etxe berean, 86 urterekin. 78 itzuli minutukoko 15.000 disko batu zituen AEBetako hegoaldean, etxez etxeko bidaia bukaezinean. Bi milioi milia egin zituen bidaia hartan eta, berari esker, 20ko eta 30eko hamarkadetan, blues, gospel, jazz eta country harribitxi asko berreskuratu zituen. Irrati saioak ere egin zituen, eta beti prest, “reel to reel” kopiak egiteko hainbeste binilo eta CD bilduma egin zituen. 2004an Desperate Man Blues film dokumental sarituan agertu zen. Herri musika zaleok beti izango dugu gogoan Bussard. Original Stack O’ Lee Blues (Long Reed and Harvey Hull, 1927), Up Jumped The Rabbit (Georgia Pot Lickers, 1930) eta Drunken Spree (Skip James, 1931).
Bruce Springsteen eta E-Street Band-ek ia beti aintzinako kanturen bat jotzen dute zuzenean. Berak maite (eta inoiz egin dituen) kantu batzuk aukeratu ditugu: Devil With a Blue Dress (Mitch Ryder, 1966), Raise Your Hand (Eddie Floyd, 1966), Boom Boom (John Lee Hooker, 1962), I Fought the Law (The Bobby Fuller Four, 1962), Mona (Bo Diddley), eta Do You Love Me (The Contours, 1962).
Deskargatu hemen.
The post SOINUGELA: Pharoa Sanders, Sonny West, Anton Fier, Joe Bussard, Springsteen-en sustraiak first appeared on Bilbo Hiria irratia.