Podcast: Play in new window | Download
“Urrunketarekin amaitzea guretzako da oso garrantzitsua batez ere senideei eragiten dien sufrimendua eta karga hori arintzen delako. Baina egia da Salbuespeneko espetxe politikak bertan bera geratzeak esan nahi duena da, legeak duen ibilbidea euskal presoei parez-pare irekitzea, gradu progresioari oztoporik ez jartzea”.
Dozenaka milaka lagun atera dira 200 herri eta hiritan kalera Hego Euskal Herrian, Sarek deituta. Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean egin dituzte manifestazioak, eta nagusia Bilbokoa izan da, inguruko herri eta eskualdeetakoak bertara deituta baitzeuden.
Goizean, Bilboko euskalduna jauregian ETAko eta GALeko zenbait biktimarekin mahai ingurua egin dute eta sarean ikus daiteke osorik saioa. Ondorengoek partekatu dute agertokia: Roberto Manrique (ETAren biktima), Naiara Zamarreño (ETAren biktima), Rosa Lluch (ETAren biktima), Maider Garcia (GALen biktima) eta Idoia Zabalza (polizia-estatu biolentziaren biktima).
Arratsaldean, esan bezala, 200 manifestazio egin dituzte. Bilboko manifestazioan mintzatu dira Sareko eledunak –hemen hitzartze osoa irakurgai–, eta besteren artean adierazi dute presoen urruntzeari dagokionez zerbait aurreratu den arren, salbuespen politikek indarrean dirautela eta oraindik preso asko Euskal Herritik urrun dauzkatela. “Euskal preso guztiek Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute, haien eskubidea delako, eta espetxeetako eskumena transferitu ondoren jarraipen positiboa eta humanitarioa egiteko aukera dagoelako”.
Dispertsioa ez ezik, graduen progresioa ere blokeatuta daukatela eta espetxe baimenak lortzeko zailtasunak dituztela salatu dute. “Ez dugu pribilegiorik eskatzen; justizia eskatzen dugu. Giza eskubideak aldarrikatzen ari gara”, nabarmedu dute.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren eskumena jaso zuenetik 100 egun bete direnean, “zain” jarraitzen dutela oroitarazi zien. “Espetxe politika humanizatua aplikatzeko jarduketa irizpide berriak ezarri behar dira” eta “egiazko bakeak ausardia, gizatasuna, legeari errespetua eta askatasunarekin konpromisoa” behar dituela gogorarazi zuten.
Honetaz mintzatzeko Sareko kidea den Inaxio izan dugu saioan. Entzun hemen!