SOINUGELA: Jim Croce, Aburruzaga, Willie Nelson, Kalakan, The Mighty Sparrow

Gaurko urrezko kantua Jim Croce kantari-kantuegileak grabatu zuen 1973an, baina urte berean, irailaren 20an, hegazkin istripu batean hil zen eta I Got a Name izeneko kantu hori bere hil osteko kantu arrakastatsua bihurtu zen. Jim Crocek beti idazten zituen kantuak baina hor, salbuespen moduan, Charles Foxek (doinua) eta Norman Gimbel-ek (letrak) idatzi zuten. Film askotan erabili izan da, batez ere Quentin Tarantinoren Django Unchained esklabutzaren aurkako western ederrean. Jarraian, Jim Croceren beste kantu pare bat entzun ditugu: Bad, Bad, Leroy Brown eta Operator (That’s Not the Way it Feels).

Xabi Aburruzaga Portugaleteko trikitilariak Aurrez aurre izeneko bere seigarren bilduma ekarri digu aurten, iragan maiatzaren 15ean Bilboko Campos antzokian grabatua. Bertatik entzun ditugu: Lago di Como, Mekoleta, Gu eta gutarrak, Hauspoaren infernutik, Meigas, Maurizia eta Reel Québécois.

The Willie Nelson Family bilduma berrian, Texasko kantari-kantuegile mitiko honek 12 abesti grabatu ditu bere seme-alaba batzuekin. Willie Nelsonek zazpi ume izan ditu, lau bikotekiderekin eta, bilduma honetan haietako lau bildu ditu, bere arreba nagusiaz gain. Entzun ditugunak: Heaven and Hell, All Things Must Pass, I Saw the Light, Keep It on the Sunnyside, Too Sick to Pray eta Why Me.

Kalakan, Ipar Euskal Herriko hirukotearen disko berria Euskadiko Orkestrarekin batera (Juanjo Ocón-en zuzendaritzapean) grabatu dute, Elkar diskoetxerako. Bertatik entzun ditugu: Txoria txori eta Egun bakea zutaz.

Trinidad eta Tobago uharteetako calypso musika eremuko kantaririk handiena Francisco Slinger da, baina guztiek Mighty Sparrow (kurloi boteretsua) goitizenarekin ezagutzen dute. Entzun dizkiogu: Congo Man, Sparrow Dead, Only a Fool eta Ah Fraid Pussy Bite Me.

 

 

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: Jim Croce, Aburruzaga, Willie Nelson, Kalakan, The Mighty Sparrow first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Ostiraltxo (2021/12/24) 19:00

ol. Abe 24 , 2021