Hizkera sexista eta arrazistaren tailerra
Irratia, podcastak eta ondoren zer? mahai-ingurua
20 urte uhinak uzt(h)artzen
Azaroak 6 Iurretan Arrosa sarearen IX. Topaketak
20 urte pasa dira Nafarroa Behean Arrosa izeneko herri biziki eder batean, Euskal Herria Zuzenean festibalaren babesean eta Joxemi Zumalabe fundazioaren ezinbesteko bultzadari esker Arrosa euskal irratien sarea jaio zenetik. 20 urte, bai, erraz esaten den zifra da gero! Hasierako lerro hauek izan bitez 20 urte hauetan, sorreratik gaurdaino, Arrosa sarean modu batean edo bestean bere aletxoa jarri duten guzti horien lana aitortu eta eskertzeko. Biba zuek! Bizirik eta osasuntsu da Euskal Herri osoko 25 irratiek osatzen dugun sarea eta horren lekuko da sareko irratiok egunero-egunero elkarbanatzen ditugun irratsaio kopurua edota astelehenetik ostiralera ekoizten dugun Zebrabidea magazina. Aspalditik diogun moduan, Euskal Herrian bada zer entzun! Eta euskaraz gainera!
Zer entzuna bada, noski, baina baita zer ikasia ere. Azken bi urte ero hauek agerian jarri duten ikasgai garrantzitsuenetako batzuk irratietan, egunero-egunero egiten dugun lanak duen balioa eta elkar zaintzearen garrantzia izan dira. Pandemia malapartatu honek edo bere kudeaketak zuzenean eragin digu irratioi ere, batez ere gure jardunak aurrera eramateko ezintasunak izan ditugulako. Baina beste alde batetik Arrosako irratiak izan dira emisioak eten ez eta gertatzen edo bizitzen ari ginena kontatzeko bozgoragailuak, gure uhinak babesleku bilakatu ditugularik beste behin ere.
Pandemiak bete-betean harrapatu gintuen Arrosako topaketak antolatzen genbiltzanean. Pentsa, 2020ko martxoaren 28rako genituen aurreikusiak eta prestatuak… Egoera nolakoa izango zen jakitea ezinezkoa izan arren, bertan behera utzi genituen Zintzilik irratia anfitrioi lanetan arituko zen topaketa haiek. Zorionez egoera pandemikoa aldatu da eta indarrak hartu ditugu ezinezko izan zen hura oraingoan gauzatzeko. Ordutik hona, gainera, Arrosa sareko tribua ere handitzen joan da eta jaio berria den Iurretako Laixiar irratiak hartuko du oraingoan anfitrioi izatearen papera. Gainera 2021. urte hau, hasieran aipatu dugun bezala, urte berezia da Arrosarentzat, geure 20. urtemuga delako hain zuzen. Eta bi elementu hauek kokteleran sartuz prestatu ditugu Arrosa sareko IX. Topaketak. Alde batetik tailer eta mahai-inguruak izango dira eta bestetik 20 urteen ibilbidea islatzen duen dokumentalaren estreinaldia ere antolatu dugu.
Goizeko 10:00etan hasiko dira 3 tailer aldi berean Iurretako Abadetxea Gaztetxean: hizkera sexista eta arrazistaren inguruan hausnartu eta ikasgaiak ateratzen lagunduko dute Amelia Barquin eta Zebrabidea gidatzen duen Leok. Arraio irratiko kideek bi tailer eskeinko dituzte, alde batetik, irrati bat software libreaz nola martxan jarri, eta bestetik FMko emisio bat nola egin. 12:00etan mahai-inguru bat egingo dugu Kulturetxean, azken aldian pil-pilean dabiltzan podcastak eta hauek irratiarekin duten erlazioak aztertu asmo duena: “irratia, podcastak, eta ondoren zer?” galderari erantzuten saiatuko dira Argia aldizkariko Beranduegi podcasteko eta Klak, gazteon ahotsa podcasteko kideekin batera Ondarruko Radixu eta Gasteizko Hala Bedi irratiko kideak. 14:00ak aldera bazkaria izango da eta bazkalostean Arrosa sareko irratien arteko irrati nobela bat egin edo egiten saiatuko gara. Arratsaldeko 18:00etan Kulturetxean berriz ere, Arrosa sarearen 20 urteak islatzen dituen dokumentalaren estreinaldia izango da, zeinetan 20 urte hauetan Arrosan arduraren bat izan dutenak, sorrera hartan izan zirenak eta Zebrabidea magazina egiten ibili direnak entzun eta ikusi ahalko diren.
Amaitzeko, deia, gonbita, egiten diegu 20 urte hauetan Arrosaren bueltan ibili zareten kide guztioi, sareko irratietan egunero lanean jo eta ke zabiltzatenoi, aipaturiko egitarauan interesa duen orori edota irratia maite dutenei, datorren azaroaren 6an Iurretara bertaratzeko. Euskal Herrian beste 20 urtez euskaraz zer entzuna izan dadin, jarrai dezagun uhinak uztartzen!