SOINUGELA: St. Vincent, Lucinda Williams, Yola, Emmylou Harris, Chrissie Hynde, Costello’s Girls

Gaurko urrezko kantua St. Vincent-en (Annie Clark) Daddy’s Home disko berrian dago. Candy Darling izan zen Warholen Factory-n musa ezinbestekoa, eta Clark-ek izen bereko kantua sartu du disko honetan. Lou Reed-en Walk on the Wild Side-n ere agertzen zen. Aimee Mann-ek egindako Good for Me ere entzun dugu. Kantu eder honen gainetik David Bowieren itzala asmatzen dugu. Maria McKee-k 2020an grabatu zuen entzun dugun Let Me Forget. Maria luze egon zen Lone Justice taldean, aspaldian. Kantu berri honen azpian berriro ere Bowieren arnasa dago.

Pandemia garaian Lucinda Williamsek kontzertu batzuk egin zituen, web bidez entzutekoak. Sei egin ziren eta, orain, CDetan argitaratzen ari ziren. Kontzertu monografikoak izan ziren: lehenengoa Tom Pettyren kantuekin. Orain bigarrena merkaturatu da CD moduan, Southern Soul: From Memphis to Muscle Shoals & More izenarekin, eta guk bertatik kantu batzuk entzun ditugu: Ode to Billie Joe, Rainy Night in Georgia eta Take Me to the River (Al Green).

Yola soul kantariak 2019an Walk trough Fire bere lehenengo lana grabatu zuen Nashvillen, Dan Auerbach-en Easy Eye diskoetxearekin. Hala ere, Yola Ingalaterrakoa da, Bristol ondoko Portishead hirian bizi izan baitzen bere amarekin. Soul klasikoaren jarraitzailea da eta bere aurreko diskotik Faraway look abestia entzun dugu. Jarraian, Yolaren disko berritik Stand For Yourself goiburukotik, kantu batzuk ekarri ditugu gaurko Soinugelara: Barely Alive, Diamond Studded Shoes eta Break the Bough.

1989an Emmylou Harris kantariak The Hot Band bere ohiko taldea desegin eta bluegrass eremuko The Nash Ramblers sortu zuen Sam Bush, Roy Huskey eta Al Perkinsen tankerako Nashvilleko musikari maisuekin. 1990ean talde berri honekin kontzertu oso bat grabatu zuen. Bada, orain, 31 urte geroago, kontzertu hori argitaratu dute estreinakoz, Ramble in Music City: The Lost Concert goiburuarekin. Bertatik entzun ditugun kantuak: Roses in the Snow, Even Cowgirls Get the Blues, If I Needed you eta Mistery Train.

Dylanen kantutegiarekin dozenaka grabazio monografiko daude. Onenetakoa aurten Chrissie Hyndek (The Pretenders taldearen burua) pandemia garaian bere etxean egin duen Standing in the Doorway diskoa. Akustikoan, James Walbourne bere taldekidearekin egindakoa bikaina da benetan. Bertatik entzun ditugunak: In the Summertime (Shot of Love, 1981), Blind Willie McTell (1991).

Kaleratu berri da Elvis Costello & The Attractions-en Spanish Model diskoa, 1978ko This Year’s Model diskoaren gainean hainbat lagunek berriro baina gaztelaniaz abestuta, AEBetako, Hego Amerikako eta Espainiako hainbat artistek parte hartu dute. Bertatik entzun ditugu: No action (Nina Diazekin), (Yo no quiero ir a) Chelsea (I don’t want to go to) Chelsea (Raquel Sofía eta Fuego-rekin), La chica de hoy (This year’s Girl, Camirekin), Hand in Hand (Francisca Valenzuela eta Luis Humberto Navejas-ekin) eta Se esta perdiendo la inocencia (Running Out of Angels, Vegarekin).

Deskargatu hemen.

 

 

The post SOINUGELA: St. Vincent, Lucinda Williams, Yola, Emmylou Harris, Chrissie Hynde, Costello’s Girls first appeared on Bilbo Hiria irratia.

Hurrengo podcasta

Erro ta berri : El Naán, Caamaño & Ameixeiras, Carola Ortiz…

ol. Ira 24 , 2021