Abuztu bukaeran Niño de Elche zuzenean egon zen Iruñean, Flamenco on Fire jaialdian. 36 urteko gizon honek hankaz gora jarri du flamencoa. Indie rock taldeekin ere egin du lan, baina jondo-a egiten duenean maite dugu gehien. Gaurko urrezko kantua 2019an Niño de Elchek Maialen Lujanbio eta Beñat Achiaryrekin grabatu zuen Colombiana vasca entzun dugu. Gero, Niño de Elcheren beste kantu batzuk entzun ditugu: Tu me dejaste de querer (2021, La Húngararekin), Peteneras mexicanas (2019, Los Pirañasekin), Los esclavos eta El pregón de los caramelos.
Jamaikako U-Roy handia eta toaster guztien aitabitxia iragan otsailean hil zen Kingstonen, 78 urte zituela. U-Roy 1961an hasi zen DJ moduan, ibilbide luzea izan zuen eta saltsa guztietan grabatu zuen, batez ere reggae, dancehall eta dub esparruetan. Coxone, King Tubby, Lee Perry, Bunny Lee, Sonia Pottinger eta abarren produktoreekin grabatu zuen. Rastafari hutsa zen abeslari honek, hil ondorenerako utzi zuen grabatuta Solid Gold diskoa, eta oraintsu kaleratu dute. Bertatik entzun dugu: Trenchtown Rock (Ziggy Marleyrekin), Rule the Nation (Shaggyrekin), Stop that Train (Rygin King-ekin), Queen Majesty (Robbie Shakespearerekin), Wear You to the Ball (Richie Spicerekin), Every Knee Shall Bow (Mick Jones eta Big Youthekin).
Laster, urriaren 2an, Tom Pettyren heriotzaren bosgarren urteurrena izango da, bere kantuak, hala ere, betiko izango ditugu gurekin. Orain berrargitaratu dituzte 1996an She’s the One filmerako Pettyk bere Heartbreakers-ekin prestatu zituen kantak. Oraino entzun gabe geratutako lau kantu gehitu dituzte: Angel Dream, Thirteen Days, 105 Degrees eta Walls (No. 3).
Savoy diskoetxeak bazuen publizitate leloa: If it’s a hit, It’s Savoy (arrakastatsua bada, Savoykoa da), eta egia izan zen, AEBetako musika beltzaren eremuan hamarkada batzuetan, batez ere jazz eta rhythm and blues estiloetan. Baina abesti erlijioso ugari, gospel-ekoak hain zuzen, egon ziren Savoy katalogoan. Ingalaterrako Honest Jons diskoetxeak A Stranger I May Be bilduma hirukoitza kaleratu zuen iaz, 1954-1986 tarteko kantuekin. Bertatik aukeratu ditugunak: I’m Getting Richer (Famous Ward Singers), On Some Day (The Blind Boys of Alabama), I Don’t Need Nobody But The Lord (The Harmonizing Five), Trust in God (The Swan Silvertones), Hold On, I’m Coming (Mildred Clark And The Melody-Aires), I Know He Lives in Me (Solomon Burke), Get Ready For Judgement Day (Edith Moreno).
Deskargatu hemen.
The post SOINUGELA: Niño de Elche, M. Lujanbio eta Beñat Achiary, Tom Petty, U-Roy, Savoy Gospel first appeared on Bilbo Hiria irratia.