Meteorologiaren alorrean geroz eta ezagunagoa ari da bihurtzen Ibarrako Iker Ibarluzea gaztea. Aste honetako saioan, berarekin solasaldi bat izateko aukera bikainaz baliatu gara Ostiraltxo saioan eta ez gara damutu bere ibilbidea gertuagotik ezagutzean. Oso gaztetatik edo hobeto esanda haurra zenetik hasi zen eguraldiaren alorreko saltsetan murgiltzen, bere ikasketak hala bideratu dituen arte.
Mapak irakurtzea asko gustatzen zitzaion, baita telebistako eguraldi iragarleen hitzak entzutea ere eta orain, bera da iragarpen horiek guri helarazten dizkigun aditua. Gaur egun, Naiz hedabidearen eta Tolosaldeko Atariaren irratietan entzun genezake “eguraldi gizona” bezala ezaguna dugun gure gaurko gonbidatua. Elkarrizketa paregabea eskaini digu eta barru-barrutik ezagutu dugu gainera.