Podcast: Play in new window | Download
Bizi garen garaiotan, aktibazio soziala eta auto-antolakuntza indartzea lehen bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa da. Hala ere, ezin dugu ukatu egoera honetan herri mugimenduak biltzeko zailtasunak ere handiak direla. Horren aurrean, elkar saretzea ezinbestekoa da.
Joxemi Zumalabe fundazioko kideok urteak daramatzagu egun hain garrantzitsuak ikusten ditugun aliantzen inguruko lanketa egiten, eta horren harira, gai honi itxiera borobila emateko aukera suertatu zaigu; pasa den abenduaren 10ean, Donostiako Doka kafe antzokian bildu ginen aliantzek Covid garaian duten tokiaz solasteko. Horretarako, zenbait gonbidatu izan genituen: Groseko auzo-zaintza sarean parte hartutako kide bat, Gasteizko B.A.L.A. kolektiboko bi kide, Infernua Bizirik-eko kide bat eta Gaur-Geroa-Duintasuna pentsiodunen elkarteko kide bat.
Hizlariek ekarritako esperientzia eta proposamenak askotarikoak eta oso aberatsak izan ziren. Groseko auzo-zaintza sareko kideak azpimarratu zuen auzoaren beraren zaintzan ekiteko apustua; konfinamendu garaian bizi izan genuen isolamenduari aurre egin ahal izateko auzo-mailan antolatu eta auzokideen hurbiltasuna ezinbestekoak izan ziren.
Gasteizko B.A.L.A. kolektiboko kideak, borroka-aliantzei erreparatuta, aliantza inperfektuak egiteko beharraz aritu ziren, desadostasunak desadostasun, helburu komunei elkarrekin ekiteko beharraz, hain zuzen ere. Egiteko eta ekiteko modu alternatiboak bilatzeko garaia dela ere aldarrikatu zuten, eta hari horretatik tiraka, Infernua Bizirik-eko kideak ere bestelako jakintzei heltzeko garrantziaz hitz egin zuen. Azken honek, Infernuan pairatutako arrazakeria instituzionala gogor salatu eta horren aurrean sortutako aliantzak izan zituen hizketagai; intersekzionalitatearen zentraltasun eta garrantzia azpimarratu zituen.
Azkenik, Gaur-Geroa-Duintasuna pentsiodunen elkarteko kideak beren borroka transbertsala dela gogorarazi zigun: era batean edo bestean, guztioi eragiten digun kontua da. Haien inguruan sortutako mobilizazioaz aritu zen, besteak beste, gazte mugimendua eta feministak gogora ekarriz.
Zalantzarik gabe, mahai-inguru emankorra izan zen, eta aurrera begirako gogoeta ugari utzi zizkigun bertaratu ginen guztioi.
Ezin aipatu gabe utzi, mahai-ingurua beste txoko batzuetatik jarraitzeko elkarlan ederra osatu genuela ARROSA irrati sarearekin. GISS.TV zerbitzariaren bidez konektatuta, zuzenean entzuteko aukera egon zen Gasteizko Hala Bedi irratian, Bergarako txapa irratian, Zarautzeko Arraio irratian, Ataun irratian eta gure webgunean. Etorkizunean ere, aukera hau berriz probatzeko irrikitan gaude. Eskerrik asko irratikide guztiei ere!