Podcast: Play in new window | Download
Albiste ezin hobea ekarri digu Urrezko kanta honetan Pedro Elias Igartuak: ekainaren 19an Bob Dylanek disko berria kaleratuko du, Rough and Rowdy Ways (Bide zakar eta zaratatsuak) izenekoa. 2012az geroztik, Dylanek ez zuen kantu berriekiko diskorik ateratzen, eta haren jarraitzaileak irrikaz zeuden, kantu berriak noiz iritsiko. Orain heldu dira, konfinamendu sasoi honetan, Dylanek bere disko berriaren hiru kantu eskaini nahi izan baitizkie jarraitzaile leial horiei. Lehenak Murder Most Foul du izena, eta Kennedy presidentearen erailketari buruzkoa da, baina, era berean, Pedrok dioskunez, garai hartako herri kultura aldarrikatzen eta laudatzen duen kantua ere bada. Bestalde, Dylanen inoizko kanturik luzeena ere ba omen da, 17 minutuko iraupena dauka eta. Disko berritik aurreratu dituen beste bi kantuak I Contain Multitudes eta False Prophet dira. Pedrok askotan esan digu Soinugelan Bob Dylanek oraindik lan ederra zeukala egiteko, eta badirudi laster kaleratuko duen diskoa horren erakusgarri izan daitekeela.