Podcast: Play in new window | Download
Njombe Tanzania hego-mendebaldeko mendialdeko hiriburua da, 2000 m ingurutan. Han dabil, ia urtebete jada, Unai, Leire lagunak zabaldutako bideari jarraituta, SHIPO izeneko GKEan lanean. Asko ikasten ari da, gainera, oinarrizko beharrizanei erantzuteko makina eta mekanismo sinpleak asmatzen eta sortzen luzaroko esperientzia dutenengandik, bai teknologia sinpleok sortzeko prozesuei buruz, bai ekoiztutako gaien salmentari buruz (zer ekoitzi, norentzat, ze kostutan, ze kopurutan,…)
Hardware librearen munduan ari dira, gainera, inork erabiltzeko eta berrasmatzeko makinen diseinuak auzolanean egiten dituzte eta inoren eskura uzten, diseinuok
hobetu eta konpartitu ditzan jendeak, patenteak eta txokokeriak gaindituz.
Zelan ez, lagun anitzen arteko elkarlan-moduei buruz ere asko ikasi dezake alor horretan dabilenak. Hain zuzen Gantera (Flandria) abiatzear Unai, horri buruzko ikastaro batera.
Eta handik bueltan, laster Tanzaniara. Gogoz jada, hango etxera itzultzeko. Hangotuak dira amini bat, hango bizimodu patxadatsuagoa, hango kale-topatze ugariak, usainak eta soinuak. Arrotz zaizkien mintzairak (suahilia be ikasten badabiltza, bai!), Bilboaldean emandako gabonetan jabetu da, bai, zenbat balio duen etxean txorrota zabaldu eta dutxa beroak ;-)!
Hurrengo baterako utzi behar izan ditugu hainbat berbagai interesgarri: han kolonizazioak utzitako arrastoa, erlijioen eragina, umeekiko indarkeriaren arazoa, albinoen egoera,… gai asko hegalean, hurrengorako.
Agur berba batzuk bota dizkigu Unaik hango hizkuntzan: kwa heri (Jainkoarekin joan zaitez), haya badaye (gero arte). Ondo ibili heu be, txo, laster arte!
Kantak:
Chibonge (Abbah ft Marioo, G Nako, Byter Beast)
Ujaulamba (Dulla Makabila)
Erreferentziak:
SHIPO (http://shipo-tz.org/)
Open Source Ecology:https://www.opensourceecology.org
E.F. Schumacher-i buruz: https://es.wikipedia.org/wiki/Ernst_Friedrich_Schumacher