SOINUGELA: The Fugs, Xabi Aburruzaga, Bassekou Kouyate, Mose Allison, Lou Ann Barton

Gaurko urrezko kantuaren bila NYko aspaldiko talde batengana jo dugu. The Fugs (the fucks -en eufemismoa) Ed Sanders eta Tuli Kupferberg olerkariek sortutako taldea izan zen. Musikariak The Holy Modal Rounders taldetik etorri ziren. 1964an sortu ziren eta bi urte geroago gailurrera igo ziren beren bigarren diskoarekin. Euren kantuek abanguardia kutsua zuten baina, aldi berean, sistemaren kontrako giro politikoarekin bat eginez, garai hartan zegoen Vietnamgo gerraren aurkako jarrera sutsua zuten. Entzun ditugun kantak: Kill for Peace, Morning, Morning, I Want to Know eta Carpe Diem.

Xabi Aburruzaga trikitilariak bere bosgarren lana aurkeztu du negu honetan, Bost izenekoa. Lurra eta lurraldetasuna ageri dira kantuetako melodietan: Quebec, Mekoleta, Palentzia, Galizia, Palestina, Urdaibai… Sentimendu handiarekin uztartu du euskal folka kanpoko sen eta estimuluekin. Entzun ditugunak: Real Quebecois, Mekoleta, Waltz for Velilla, Meigas, Non da Palestina?, Bilbao-La Robla eta Gora gu eta gutarrak.

Maliko ngoni (bertako musika tresna) jotzaile ospetsua da Bassekou Kouyate. Miri goiburuko bere lan berria miresgarria da benetan. Berak dioen moduan, “amodioa, laguntasuna, familia eta benetako baloreei buruzko lana da krisialdi honetan”. Bertatik entzun ditugun kantuak: Kanto Kelena (Habib Koité-rekin), Wel Cuba (Madera Limpia-rekin), Tabital Pulaaku (Afel Bocoum-ekin) eta Yakere.

Mose Allison Tippo herrian (Mississippi) jaio zen, non bluesa ikasi zuen sustraietatik, eta unibertsitatean filosofia ikasketak egin zituen. Gero New Yorkera joan zen eta, pianoa joz, blues eta jazz jole garrantzitsuenetakoa bihurtu zen sei hamarkadaz. 2016an hil zen eta oraintsu, omenaldi gisa, hainbat musikarik bere kantuak grabatu dituzte If You’re Going To The City: A Tribute To Mose Allison bilduman. Bertatik entzun ditugu: Your Mind Is On Vacation (Taj Mahal), Nightclub (Ben Harper and Charlie Musselwhite), Stop This World (Chrissie Hynde), Parchman Farm (Richard Thompson), Wild Man On the Loose (Dave Alvin and Phil Alvin) eta Monsters of the Id (Amy Allison with Elvis Costello).

Texasko Lou Ann Barton blues kantariak 1992an Jerry Wexler produkziopean Alabamako Muscle Shoals estudioan Old Enough lan maisua ekoitzi zuen Gel Frey-ren laguntzarekin. Bertatik I Am Old Enough, The Doodle Song eta It Ain’t Right entzun ditugu.

https://www.youtube.com/watch?v=_YYQx5hntNU

Hurrengo podcasta

AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA: Grebaren balorazioa eta Samai-zuloko sorgina igande honetan!

ig. Ots 2 , 2020