SOINUGELA: Marvin Sease, Gainsbourg eta Birkin, Aretha Franklyn, Tinariwen, Tyler Ramsey, Alton Ellis, Mendebaldeko Sahara

Gaurko urrezko kantuek Komunean dute ezaugarri erotikoa. Lehenengoa Hego Karolinako soul kantaria. Marvin Seasek 1986an grabatu zuen Candy Licker entzun dugu. Kantu hau ez zuten AEBetako irratietan jartzen eta antzekoa gertatu zen Europan arinago, 1969an, Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen Je t’aime… moi non plus kantuarekin, eta hau ere entzun dugu.

Aurten, 49 urte grabatu eta filmatu ostean, Los Angeles-eko eliza baptista batean azkenean estreinatu da Amazing Grace filma. Aretha Franklyn eta James Clevelandek gospel kontzertu ikaragarria eman zuten. Diskoa laster kaleratu zuten eta gaur Aretharen diskorik salduena dugu, baina filma, arrazoi teknikoak tarteko eta Franklynek nahi izan ez zuelako, ez da jendaurrean erakutsi kantaria hil arte. Ikaragarria da emanaldi honen kemena eta guk gaur kantu pare bat entzun ditugu bertatik: Precious Lord, Take My Hand / You’ve Got a Friend eta Mary, Don’t You Weep.

Tinariwen taldekoek tamashek hizkuntzan abesten dute, bereber familakoa, eta Sahara basamortuan bizi dira. Amadjar euren azkeneko lana Mauritanian grabatu zuten, izarren azpian. Mendebaldeko musikari batzuk laguntzaile izan zituzten kanta batzuetan. Hiru entzun ditugu: Taqkal Tarha (Micah Nelsonekin), Tenere Maloulat (Warren Ellisekin) eta Amalouna (Noura Mint Seymali, Stephen O’Malleyrekin).

Ipar Karolinan bizi den Tyler Ramsey, Band of Horses taldearen gitarra jolea izan zen. Gram Parsons eta Neil Youngekin parekatua izan da bakarlari moduan, Americana esparruko artista handi bat dugu Ramsey. Entzun ditugun kantuak: A Dream of Home, Breaking a Heart eta Your Whole Life.

Alton Ellis kantari jamaikarra 2008an hil zen, agertokietan 50 urte zeramatzala. Udazken honetan Dr. Bird disketxeak CD bikoitz batean bildu ditu Duke Reid-ek Treasure Island disko etxerako 60-70eko hamarkadetan egindako grabazio guztiak. Kantu batzuk aukeratu ditugu altxor honetatik: Breaking Up, Girl I’ve Got A Date (1966ko bertsioa), You Have Made Me So Very Happy, Personality, La La Means I Love You eta Rock Steady.

Donostiako Club 44k iragan udaberrian Donostian zein Bilbon kontzertuak antolatu zituen Mendebaldeko Sahararen alde. Zuzenean grabatutako kantu batzuk entzun ditugu gaur: C.C. Rider (Matt Harding), Love Is Our Cross to Hear (John Gorka), Desert Flower (Martha Fields), Teach Your Children (Danok batera) eta I Shall Be Released (Danok batera).

 

Hurrengo podcasta

PIPERPOLIS: Aiora Renteriarekin batera “Atera” lana ezagutu dugu

al. Aza 25 , 2019