BERBAZ: Amaia Uskola, abokatua, gaixo psikikoen babes publiko eta juridikoa. Estigmatik, estimura.

25 urtetik gora abokatu dabilela, familia zuzenbidean nagusiki, bai zibilean bai penalean, Amaia Uskola.

Azken urteetan gehituz doan gizarteko arazo larri batez mintzatu gara: sikikoki ez-gai diren pertsonentzako administrazio eta lege aldetiko babes eskasa, 18 eta 65 urte artekoetan diren gaixo larrietan itzela. Eta Amaia ere, arazoaren handiak larrituta.

2050erako, Munduko Osasun Erakundearen arabera, 3 lagunetik 1ek buruko gaitzen batek jota izan omen dela dio! Droga kontsumoak direla, pantailei txiki-txikitatik atxikiagoak garelako eta bestegatik, asko emendatuko da kopurua hurrengo urteetan. Ikusi ezinak dira.

Gainera, asko eta asko, tartekako gaixoak, are ta ikusezinagoak: eguneroko bizimoduan arrunt jokatzen dugu, lana, ikasketak, lagunak, familia, eta halako baten, plaust! Gaixoa di-da agertu eta tarte bateko kontrolik eza, edozein zorakeria egiteraino. Eraikin osoari sua ematea, kasu. Gertatu eta lehenengo egunean zehar tratatuz gero, bideratu daiteke errezago honen moduko gaixotasunik. 3 egun pasa eta gero, ordea, burmuinak nola jokatuko duen arabera, zailagoa da.

Badira elkarte pribatu batzuk, bada gaixotasun bipolarrak eragindakoen elkartea, Bizkaiko tutoretza institutua, sare publikoan hilabete batzuk iraun ohi duen luzerako egonaldi eskasa gaixo larrientzat … itxaron-zerrenda luzeegiak, tutoretzapekoak diren pisuetan plaza lortzeko luzapenak, aldi baterako erantzuna eta ondoren etxera bueltan, arazoa konpondu barik. Eta zeinek pairatzen gehien? Familiak (ardura penala ere haiena da, kontuz!), eta batez ere, emakumezkoek (amak, ahizpak, nebak, alabak,…).

Gaixo larrietan behin betiko ez-gaitasuna ebatzi tutorea ezartzea izan du orokorrean sistemak duela gutxi arte, pertsona ia ezdeustuz (ezin ezkondu, ezin erosketak sinatu, ezin bozkarik eman, gizartetik at), zirt-zart. Eta badira konponbide hobeak. Auzitegi Gorena ere era honetan jokatzen hasia da azken urteetan. Arazoaren arabera, aldi baterako proposamenak egin eta berrikusi, kasuaren arabera arriskutsuak izan daitezkeen jardunak etetea soilik,… trajea neurrira egin behar da. Eta ari dira horren aldeko epaiak agertzen, Bilbon, Donostian, kasuak kasu hausnartuz eta beharrei eta proportzionaltasunari begira ebazpenak botatzen dituztenak, batzuetan behin behinekoak eta bestetan gai puntualari erantzuna ematen diotenak.

Azken urteotako tresna juridiko batzuk (Lege Zibil propioa EAEN, 2015ekoa; 2003ko legean agertzen den autotutoretza agiria, norberari ematen diola balizko kasurako tutorearen izena proposatu ahal izana; eta batez ere, 2008tik New Yorkeko hitzarmena, gaixo psikikoen eskubideak bermatzeko gure legadira ezartzen den hitzarmena) baikor hartzekoak ditugu, bai, hala ere arazo larria dugu hau. Arazo larria eta ezezaguna. Oso labur egin zaigu gaurkoa. Laster gehiago.

Kantak:

Joan soseguz (Ruper Ordorika)

Txoriak txori (Mikel Laboa)

Erreferentziak:

Ez-gaitasuna duten pertsonen eskubiden gaineko New Yorkeko hitzarmena

Hurrengo podcasta

PIPERPOLIS: 'Amets alokatuak' komiki albuma eta Xabiroi aldizkaria

az. Urr 23 , 2019