Podcast: Play in new window | Download
Robert Fripp-en King Crimson taldeak dakarkigu gaurko urrezko kantua. Mojo aldizkariak uztailerako zenbakian 12 kantuko bilduma bat aurkeztu du CD batean. Bertatik Epitah kantua entzun dugu. Jatorriz 1969an konposatua, 2017an Live in Vienna grabazioan zetorren bertsioa. Jarraian beste lau kantu esanguratsu entzun ditugu King Crimson artxiboetatik aukeratuak: 21st Century Schizoid Man (1969), Cadence (1970), Starless (1974) eta Red (1974).
Pasa den urrian Tolosako Bonberenean grabatu zuen Pettik bere bigarren zuzeneko CDa, bakarlari moduan gehienbat. Hamalau kantu garai ezberdinetakoak eta batez ere kronologikoki ordenatuak. Guk batzuk entzun ditugu: Perika (1998), Phisikoburmuin (2004), Erramurik gabeko gaua (2014), Gaizkieginak (2018) eta Ranroberran.
Beningo Angelique Kidjo abeslaria Afrikako handienetakoa da aspalditik. 2019an Celia izeneko bildumarekin datorkigu. Izenburuak Celia Cruz-i egiten dio aipamen eta Kubako kantagintzaren ikur horri egindako omenaldia da disko berri hau. Gaztelaniaz aritu da Kidjo lehen aldiz bertan eta, musikarien artean, Nigeriako Tony Allen perkusiogilea nabarmendu behar dugu. Celia CD honetatik hauek dira entzun ditugun kantuak: Cucala, Baila Yemayá, Bemba colorá, Eleguá.
James eta Bobby Purify Floridatik abiatu ziren 1966an Alabamako Muscle Shoals eta Memphiseko American estudioetara soul sakona grabatzera. Hiru urtetan bikote handiena zen Sam and Dave ospetsuen parekoak bihurtu ziren hegoaldeko soul eszena bero hartan. 1969 arte kantu eder asko erregistratu zituzten, eta guk gaur haietako batzuk entzun ditugu: I’m Your Puppet (1966), You Left Your Water Running (1966), Shake a Tail Feather (1967), I Was Born to Lose Out (1968), I Wish You Didn’t Love to Go (1966) eta You Can’t Keep a Good Man Down (1966). Bobby Purifyk berriro grabatu zuen 2005ean Better to Love It Don Pennekin.
Jamaikako The Ethiopians taldekoek 1968an kaleratutako Engine 54 LPa berrargitaratu da orain CD moduan. Rocksteady eremuko kantuak dakartza grabazioak, besteak beste, entzun ditugun Train to Skaville eta Engine 54.