Podcast: Play in new window | Download
Atzo, ia egun osoan Araba guztia zeharkatu bazuen ere, 7. eguna ere bertan esnarazi du Korrika 21ak. Trebiñuko ekuatoreko momentu hunkigarriak atzean utzi eta Gorbeialdera jo du bertakoei lekukoa pasatzeko asmoz. Jendetza izan da berton eta Aiaraldean ez da igarri Korrikak 7 egun daramatzala Euskal Herrian zehar, etengabe sartu eta atera dabilelako jendea irribarrez eta ilusioz metro edo kilometro batzuk egiteko gogoz.
Arabari iganderarte agur esan ostean Bizkaiari ere Klika egiteko garaia iritsi zaio goizean. Ugao-Miraballes, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao zeharkatuz sekulako irudi politak ikusteko parada izan da gaurkoan, nola ez, eskolako umeen ohiu eta festa giroaren artean. Herri hauetan ere bertako emakume talde eta pentsionistekin egon gara eta denek bat egin dute euskararen aldeko jai honekin. Bere garaian zigortzen zutela eta gaur egun sekulako ilusio eta grinez kalera atera den emakume jator askoarekin ere hitz batzuk trukatzeko aukera izan dugu.
Larrabetzu leku berezia izan ohi dela esan digute iristerako eta 21. edizio honetan ere ez du hutsik egin, herri sarreratik igerri da hori eta bertako kale estu eta dotore askoak bi urtez behineko kolorez jantzi dituzte larrabetzuarrek.
Pixkanaka, Bilbo alderuntz gerturatzeari ekin dio Korrikak eta pertsona uholdeak ez du izan etenik. Iluntze aldera Uribe-Kostatik ibiliko da gero Ezkerraldera salto egiteko.