KORRIKA 21: 5. eguna

Iluntzean Korrika, Bidasoa zeharkatuz, Hendaiatik Hondarribiara eta Irunera iritsi da. Etxalarren, Korrikaren une magiko horietako bat izan da: su artifizialak bota dituzte ongietorri ikusgarria emateko. Hainbeste jenderen euskalduntzean funtsezko izan den Arantzako barnetegiak ere egin du bat Korrikarekin. Igantzi inguruan bertako kideek eraman dute lekukoa.

Goizean Sara, Azkaine, Senpere, Zuraide, Ezpeleta eta Ainhoa igaro ditu eta eguerdiko ordu bata aldera iritsi da Elizondora. Astelehena izaki, Baztango Ikastolako ume ugari irten dira Korrikara. Agerikoa zen emozio eta zirrara umeen aurpegian Korrika zetorrenean. Elizondon gainera, Juana Marirekin egin dugu topo, Fantxike bularretako handiak saltzen dituzten dendan hainbat urtez aritu den emakumea. Bere eskaparatean bularretakoekin batera, urtez urte gordetako Korrikako petoen erakusketa du ikusgai.

Leitzara heldu da, jendetzak hartu du parte eta Leitzako Ikastetxeek eta herriko beste eragile eta bizilagun batzuek eraman dute lekukoa. Aurrera jarraituko du Larraun, Basaburua, Ultzama eta Sakana bailaretan barna. Bihar goizean Araban sartuko da lehen aldiz Korrika 21.

Euskal Irratietako Arantxa Idierrekin hitz egiteko tartea ere hartu dugu egunotan. Asteburuan Korrikak eman duenaz eta Euskal Irratiek euskarari egiten dioten ekarpenaz aritu gara. Entzun hemen!

 

 

Hurrengo podcasta

Jar Itzazu Tapoiak Mesedez!!! #192 Dinosauruak, zentsura eta epaitegiak

ar. Api 9 , 2019