SOINUGELA: Bobbie Gentry, Sandy Denny, Karen Dalton, Rosalia, Judee Sill

Bobbie Gentryk. 1967an arrakasta itzela izan zuen Ode to Billie Joe abestiarekin. Istorio gotikoa dugu gure gaurko urrezko kantua, country eremukoa jatorriz, baina pop munduan ere ibilbidea izan zuena. Gentry 70eko hamarkada bukaeran erretiratu zen, baina oraindik ditugu gogoan berak egindako abesti zoragarriak. Beste lau kanta entzun ditugu: Fancy, Louisiana Man, Son of a Preacher Man eta I Saw an Angel Die.

Ingalaterrako Sandy Denny 1968 bukaeran sartu zen abeslari moduan Fairport Convention taldean. Urte berean udan, Copenhaguen Strawbs taldean oraindik zegoenean, bere lehenengo bilduma grabatu zuen. Garai hartan grabazio hau ez zen argitaratu. Urte batzuk itxaron behar izan genuen eta gaur berreskuratu dugu eta pare bat kantu dastatu ditugu: On My Way eta Who Knows Where the Time Goes.

Karen Dalton Greenwich Village eszenako kantari handia izan zen, Dylanen ustez handiena, baina ibilbide laburra izan zuen. Bi disko besterik ez zuen grabatu eta bertsioekin bakarrik. 1969an grabatu zuen guk gaur ekarri dugun diskoa. Hiru kantu entzun ditugu bertatik: Little Bit of Rain, Sweet Substitute eta In the Evening. Dalton abesti egilea ere izan zen, nahiz eta bere kantuak inoiz ez grabatu. Hala ere, 2015ean Remembering Mountains izeneko bilduma kaleratu zen Daltonen 11 kanturekin, beste abeslari batzuen ahoetatik. Entzun ditugunak: Remembering Mountains (Sharon Van Etten), Met an Old Friend (Lucinda Williams), eta Don’t Make It Easy (Isobel Campbell).

Kataluniako Rosalia kantaria ekarri dugu gaurko Soinugelara. Orain bi urteko Los Angeles izeneko bere lehenengo diskoa Raul Refreeren ekoizpenarekin egin zuen. Bertatik bi kantu entzun ditugu: Día 14 de abril eta I See a Darkness.

Judee Sill kaliforniarra izan zen David Geffen Asylum disketxerako grabatu zuen lehenengo kantari-kantugilea. 1971n izan zen hura. Country eremukoa zen ber kantaera baina nahiko barrokoa ere bazen. 73an kantatu zuen bigarrenez eta azkenekoz. Heroinazalea izanik, ez zuen jarraipenik izan eta 1979an hil zen gaindosi baten ondorioz. Haren hiru kantu aukeratu ditugu entzuteko: Crayon Angels, Jesus Was a Cross Maker eta The Kiss.

Gaurko saioa bukatzeko, 2018ko kantu bikain batzuk entzun ditugu: Hela hela! (Maite Larburu + Igelaren banda), Woman (Cat Power), Nterini (Fatoumata Dawara) eta Rebound (Eleanor Friedberger).

https://www.youtube.com/watch?v=YA3SevA-52g

 

Hurrengo podcasta

PIPERPOLIS: Badator Loraldia jaialdia sentikariz blai

az. Ots 27 , 2019