Podcast: Play in new window | Download
ERRAIETATIK irratsaioan aurrera jarraitzen dugu Urriko Iraultzaren mendeurrena (1917-2017) ospatzeko lau irratasio bereziekin. Lehenengo saioan, Urriko Iraultzaren testuingurua jorratu genuen, eta oraingoan, eztanda historikoarekin eskuz esku zihoan iraultza kulturalari erreparatu diogu. Hau da, Errusiako abangoardia artistikoei begira jarri gara, besteak beste: margolanak, literatura, arkitektura, musika…
Dimitri Shostakovich konpositore sobietarraren V. Sinfoniarekin lagunduta (1937), Urriko Iraultzaren hazia erein eta honen osteko loraldia bizi zuten Errusiako abangoardia artistiko-kultural ezberdinak ezagutu ditugu. Izan ere, beste potentziekin alderatuta atzerapen handiko Errusian, XIX. mende amaieratik hasi ziren abangoardia hauek bere bidea egiten. 30. hamarkadan errealismo sozialista inposatu zen arte loratu ziren disziplina ezberdinak, iraultza eta kulturaren arteko sinergiak sortuz. Iraultzaren aldeko artea ‘fabrikatu’ zuten, mundu berri bati bidea irekiz.
«Por suprematismo entiendo la supremacía de la sensibilidad pura en las artes figurativas. Para el artista suprematista siempre será válido aquel medio expresivo que permita que la sensibilidad se exprese de modo posiblemente pleno como tal, y que sea extraño a la objetividad habitual». Kazemir Malevich
Errealitatea konplexuagoa bazen ere (sakontzera animatzen zaituztegu), izen propio zein mugimendu ezberdinak identifikatu ditzakegu abangoardia hauetan. Adibidez, margolaritzan korronte ugari topatu ditzakegu, figuratibismotik abstrakzionismora bidean: neoprimitibismoa, suprematismoa, konstruktibismoa, cubofuturismoa, futurismoa, raionismoa… Suprematismoaren korrontean, Malevich edo Lissitzky bezalako artisten izenak azpimarratuko genituzke. Bestalde, konstruktibismoa, «herritik eta herriarentzat» garatutako arkitekturarekin zerikusia duen mugimendua izan zen.
«Kaleak gure pintzelak dira, plazak gure paletak». Vladimir Mayakovsky
Literaturaren arloan, errusiar futurismoa aipatu behar dugu. 1912an, San Petersburgon, Hylaea taldeak kaleratutako ‘Publikoaren gustuari zaplastekoa’ manifestuaren harira sortu zen korronte hau. Iraultza garaian, euren artea sozialismoaren eta iraultzaren mesedetan erabili zuten. Tartean, Vladimir Mayakovsky poeta topatu dezakegu, Erraietatik-eko kideontzat ume basati kuttuna.
Datorren astelehenean, Urriko Iraultzaren mendeurrenari eskainitako 3. irratsaio berezian, abangoardia errusiarraren baitan garrantzi berezia izan zuen zinema sobietarrari begira jarriko gara.