SOINUGELA: Munduari buelta musika entzuten

Egunotan jendeak bidaiatzeari ekiten diola eta, munduari buelta bat eman diogu, abiapuntua eta helmuga Euskal Herrian duen musika itzulia. Gurean abiatu gara, Hiru Truku taldearen Bart amarretan entzunez. Askoz lehenagokoa zen balada beraren beste bertsio bat, Alan Lomax– etnomusikologo estatubatuarrak 50eko urteetan bildutako beste bertsio bat aurkitu dugu, Sotero Erauzkini Zeanurin jasoa eta duela urte batzuk The Spanish Recordings: Basque Country – Biscay and Guipuzcoa diskoan jasotakoa.

Shetland irletara heldu gara ondoren, bertan, Phil Cunningham soinularia eta Ali Bain fiddle jolea entzun ditugu Violet Tulloch piano jolearen omenez sortutako Queen of Larwick doinuan. Handik  Suediara abiatu gara, bertan, Höns Polka doinua entzun dugu Totte Mattson-en eskutik. Gero Errusiara egin dugu salto, Dmitri Pokrovsky Ensemble-ren Porushka kanta entzuteko. Greziara heldu gara azkenik, Elafteria Arvanitaki entzutera.

Afrikara igaro gara gero, Mediterraneoaren hegoaldera, eta Algerian geldialdia egin dugu Souad Massi eta bere Ghir Enta famatua entzuteko. Basamortuan barneratuta, touareg exonimoagatik ezagutu genuen Kel Tamasheq edo Tamasheq herria aurkitu dugu, eta bertan Nigerreko Etran finatawa taldearen musikarekin dantza egin dugu. Afrikan barna, hegoaldera eginez, Senegaletik pasatu gara, New Yorken oinarritutako Africando taldearen Nina Nina entzunda. Hegoalderago, Ghanan, The Guitar and Gun diskoko Nyame Bowade kanta entzun dugu, F. Kenya’S Guitar Band-en eskutik.

Esklabuek egindako bideari ekin diogu Afrikatik, Atlantikoa zeharkatuta, Brasilera igarota. Bertan, La flor de la canela entzun dugu Caetano Velosoren ahotik. Jamaikan Baby Elephant Walk klasikoa entzun dugu, The Skatalites-en bertsioan. Mexikon La llorona entzun dugu Lila Downsen bertsioan. AEBetan, Billie Holidayren Good Morning Heartache ezagunak lagunduta, iparraldera jo dugu, Kanadako Eskozia Berrira, The Rankin Family taldearen North Country entzutera.

Handik Asiarantz egin dugu jauzi handia, Hawaii irletatik igarota, bertan duela urte batzuk Steve Earleren My Old Friend The Blues kantaren bertsioa egin baitzuen Cyril Pahinui-k Ry Cooder-en laguntzarekin. Pakistanera gero, Nusrat Fateh Ali Khan-en Mustt Mustt diskoa ezagutzeko. Itzulia amaitzear dela, Espainiatik igaro gara, bertako  Def Con Dos taldearen Dación en Pogo entzun ondoren, Euskal herrira iritsi gara, Unidad Alavesa taldearen Su eman entzuteko garaiz.

https://www.youtube.com/watch?v=SdIw-IK3my4

https://www.youtube.com/watch?v=utXzvAj7yfA

 

Hurrengo podcasta

BERBENIR-Bidekuak

ar. Api 25 , 2017