Podcast: Play in new window | Download
Nafarroan izan ezik, Hego Euskal Herriko beste hiru herrialdeetatik pasatu da Korrika 9. egunean. Eguneko lehen orduetan, Usansolo, Lemoa, Arantzazu edota Zeanuritik ibili da eta herri askotan afariak eta jaialdiak antolatu dituzte itxaronaldia girotzeko. Bart, gainera, Euskal Herri osoan petoak amaitu direla jakin genuen Bilbon, beraz, baliteke petoak saltzen dituen “petoneta” dagoeneko garajean egotea. Balorazio sakonago baterako goizegi da, baina ez dirudi seinale txarra behintzat… Larrabetzun omenaldia egin diote urteetan Txorierriko arduraduna izandako Belen Gaunari, eta beraz, gaueko une hunkigarrienetariko bat izan da.
Goizaldeko 4ak pasatxo ziren Korrika Arabara itzuli denean. Lehenik Gorbeialdean eta ondoren Aiaraldeatik ibili da gora ta behera. Furgonetako lagunek, ere, izan dute entretenimendurik. Izan ere, haietako bakoitza, bere jaiotze urtearekin bat zetorren kilometroan parte hartu du. Egunsentiak Urduña aldean harrapatu du Korrika eta atzo bezela, behelainoak ondorengo orduek ekarriko zuten egun eguzkitsua eta epela iragarri ditu. Ordurako, Arrosako Zebra Amurriorako bidean zegoen.
Amurrio aldapan gora irrintzien artean atzean utzi ostean, Larrinbe, Baranbio, Orozko eta Areetatik ibili da. Azpimarratzekoa herri batetik bestera sortu den giro polita. Izan ere, tarte horietan korrikalari taldea txikiagoa zen eta denbora ere soberan zutenez, eta Aiaraldea inguruko lagunei jostatzea gustatzen zaienez, denetarik ikusi ahal izan dugu: atzeranzka korrika egiten, ilaran, eskuak aurreko eta atzeko korrikalarien hanka artean oratuta…
Santa Ageda abesbatzak egin duen kilometroan, Mikel Laboaren Txoria Txori kantua abestu dute eta kilometro hauetako batean, Aiaraldeako Euskara Kontseiluko kideak ikusi ahal izan ditugu ere. Orozkon, txalo artean egin diote harrera eta Aretan ez dira atzean gelditu. Azken honetan, Aiaraldea Proiektu komunikatiboko lagunek lekukoa eraman dute. Baina goizeko unerik jendetsuena oraindik iristear zegoen. Laudion jai eguna zuten gaur eta eguraldiak ere lagundu duela esan daiteke. Hala, jende multzo amaigabe batek bete ditu Laudioko kaleak. Ta ez pentsa soilik pertsonek parte hartu dutenik. Txakur batzuk ere, petoa jantzita ikusi bait ditugu! Baina parte hartzaile kopurua berez izugarria izan bada ere, une hunkigarriena Iñigo Cabacasi omenaldia egin diotenekoa da.
Txalo zaparrada artean, bere irudia erakusten zuen kartela kokatu da hasierako metroetan. Ia bazkalordua zen Korrikak Laudiori hurrengo ediziorarte agur esan dionerako eta berehala, Bizkaiara salto egin du. Arratsaldean zehar, Ugaon, Basaurin , Galdakaon eta Durangon egon da, besteak beste. Hain zuzen, azken bi herri hauetan partehartzea handia izan da, eta giroa ezin hobea!
Durangotik, Abadiño, Elorrio eta Ermua bisitatuko ditu eta gaueko 23.00ak baino lehen, berriz Gipuzkoan barna abiatzea espero da. Ordu gutxi falta dira Urretxuko KKinzona irratiko lagunek eta Bergarako Txapa irratiko kideak zapatilak jantzita trostan ikusteko. Badakigu Urretxun behintzat, Gaztetxean igaroko dituztela aurreko orduak. Ongi pasa beraz!
Bihar, egunari Soraluze aldean hasiera emango diote eta aldez aurretik aipatutako herrietaz gain, Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan eta herritan izango da: Beasain, Alegia, Oñati, Arrasate eta beste hamaika txokotan! Arabako Araia eskualdean emango du arratsaldea eta gauaren hasieran Nafarroako Erronkari aldean aurkituko da.
Otxandion bezela, eguraldi epela eta argitsua izan da gaurkoa, eta badirudi hemendik eta Iruñeara iritsi arte halaxe segiko duela. Geroz eta gutxiago falta da Korrikak ibilbide osoa burutu eta Iruñean lekukoa izkutatzen duen mezua jakiteko. Nork idatzia den asmatzeko apustuak egiten hasi dira #batzuk…. Bi urtetik behin Euskal Herria astintzen duen euskararen aldeko ekimen hau amaitzear dela ikusita, gaurkoan, prentsa taldean dauden Charlotte eta Gari batetik, eta furgonetetan ibili diren Amaiur eta Julen bestetik, elkarrizketatu ditugu. Lehenengoak atzo Bilbon eta bigarrenak gaur Orozkon.