KORRIKA: 8. eguneko Kronika

Korrika aurrera doa eta dagoeneko 8. eguna bete du. Kilometro gutxi batzuk kenduta, Bizkaian eman du egun osoa. Bart Uribe Kostan eman zion hasiera egunari eta goizeko 5ak aldera Ezkerraldeara abiatu da. Gaua izan arren, jende ugarik hartu du parte Sestao, Barakaldo eta Portugalete inguruan. Gainera, bidea bengalen laguntzaz argiztatu dute une askotan. Plentzian, Gabi Saez de la Mazak lekukoa eraman du. Karaokea gainean eraman ote duen ez dakigu, baina duela gutxi Arrosak Baionan burutu zituen jardunaldietan egon zineten horiek, badakizue zein une dibertigarriak bizi izan genituen bere karaokeari esker! Santurtzin lekukoa eraman duen lagunetako batek, aurreko egunean baimena eskatu zion kardiologoari Korrikan parte hartzeko. Zer ez dute batzuk egingo nola edo hala euskararen alde bere ekarpena egiteko!

Goizeko 8ak aldera, Trapagara sartu da eta bertan, motxila gainean zeramaten gazte ugari batu dira. Antza, eskolarako bidean harrapatu ditu Korrikak! Bertan heldu da egunsentia eta eguzkia laranja kolore eder batez apaindu ditu zeruak. Arrosako Zebra, ordea, Foruko larreetan gosaldu eta Abantorako bidean  gozatu ahal izan du eguzkiaren itzartzeaz.

Meatzaldean bizikleta egokitua zuen mutil batek hartu du parte, beraz, ez dago Korrikan beste ur tanta bat bilakatzeko aitzakiarik! Galdamesetik Sopuertara doan bidean, bertsotan aritu dira furgonetatik eta Zallan zerbait azpimarratu beharko bagenu, umeen partehartze ikaragarria izan da. Korrika heldu baino dexente lehenago prest zeuden errepide bazterretan, petoak jantzita eta lelo ezberdinak entsaiatzen. Bertan, Maristas eta Mimetis ikastetxeetako irakasle eta haurrekin elkartu gara eta hauxe esan digute

Balmasedan, aurreko egunean Errenterian gertatu bezela, herriko kale estuek ilara amaigabe bat bilakatu dute Korrika eta berau atzetik jarraitzen ari ginenez, une batzuetan ez genituen sikiera furgonetako hotsak eta musika entzuten! Bertan, sorpresa ederra hartu dugu gainera. Izan ere, lehenengo egunean patinen gainean 150 km egin zituen lagunarekin topo egin dugu. Gurpilen gainean bada ere, batzuk ezin Korrikatik aldendu!

 

Bizkaian eman du Korrikak egun gehiena baina eguerdi partean Arabara salto txiki bat eman du, hain zuzen, Artziniegara. Are gehiago, kilometro gutxi batzuk egin ditu Gaztelan. Izan ere, Arabako mugan baserri batean bizi den Txabeliri omenaldi xume bat egin nahi izan diote eta haraino heltzeko, Burgoseko errepideak zeharkatu behar izan dituzte korrikalariek. Txabelik, urtero hamarretakoa prestatu ohi die Korrikan antolakuntza lanetan ibiltzen diren lagunei eta modu honetan, eskerrak eman nahi izan dizkiote emakumeari, eta baita ingurune horretan euskararen aldeko dinamikak sustatzen dituzten gainontzeko herritarrei ere. Ez pentsa Artziniegara heltzea erraza izan denik, minutu batzuk lehenago, kamioi batek istripua izan baitu eta errepidea erabat blokeatu baitu. Zorionez, Korrika heldu baino lehen, kamioia bidetik kentzea lortu dute.

Ondoren, Bizkaiara itzuli da euskararen aldeko lasterketa eta besteak beste, Gordexola, Sodupe, La Cuadra, Zaramillo eta Alonsotegi zeharkatu ditu, arratsaldeko 17.00ak aldera, Bilbora iritsi den arte. Bilbo Hiria irratiko lagunek, gainera, ordu terdiko jarraipen berezia egin dute arratsaldeko 18.30etatik aurrera, baita lekukoa eraman ere! Tamalez, ez dugu 97irratiako lagunekin elkartzerik izan. Edozelan ere, Bizkaiako hiriburuan arratsalde osoa eman du  Korrikak eta une zirraragarri ugari utzi dizkigu. Arrosatik, erdiguneko kilometroen jarraipena egin ahal izan dugu. Plaza Biribilan, adibidez, euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kilometroan izan gara, Korrikan zehar egin den laugarrena.

Gaueko 21.30ak pasatxo zeuden Bilbo atzean utzi duenerako. Zortzigarren eguneko azken orduak, Txorierri eta Hego Uribe inguruan emango ditu, esate baterako, Erandion, Sondikan, Zamudion edo Larrabetzun. Sondikan kilometroa egingo dute Sabin Gaztañaga AEK-ko arduraduna zenaren oroimenez. Are gehiago, kilometro hau dagoeneko tradizio bihurtu da eskualdean. Korrika zale andana bilduko da Txorierri eta Arratia artean, Usansolon. Izan ere, bost kilometroko tartean, 22 kilometro birtual izango dira, hots, 22 lekuko aldaketa.

Biharko eguneko lehen orduak, Bizkaian aurrera egiten jarraituko du baina goizaldeko 4ak aldera Arabara itzuliko da hirugarren aldiz, osterantzean, Uribe Butroera buelta egiteko. Gipuzkoa ere sartu beharko dugu biharko agendan, gaueko 23.00ak aldera Eibarrera helduko baita. Handik ordu gutxira, dagoeneko 9. eguna hasita dagoela, Bergara eta Urretxu zeharkatuko ditu. Adi, beraz, Txapa eta KKinzona irratietako lagunak! Arraioko lagunek bezalaxe, Gaztetxean giro alaian zai egongo al zarete?

Gaztetxean edo beste toki batean izanda ere, ez zaitezte petoen zai egon, antza, amaitu egin dira eta! Ez da seinale txarra!

 

Hurrengo podcasta

ERRO TA BERRI - Dom Flemons, Rhiannon Giddens, Noam Pikelny, Chris Thile, Vicente Amigo, Antonio Lizana, Maria Arnal i Marcel Bagés...

ol. Api 7 , 2017