Saratik Senperera doan bidean eman dio Korrikak hasiera bostgarren egunari. Hainbat herri zeharkatu ditu gauean zehar, besteak beste, Ezpeleta, Itsasu edo Kanbo. Laurak aldera, Hazparnera heldu da eta bertan Radiokultura irratiko lagunek lekukoa eraman dute. Gaupasa egingo ote zuten gure lagunek!? Hazparneko eta Azpeitiko udalek, gainera, kilometro bat egin dute elkarrekin. Izan ere, senidetutako herriak dira.
Ilargipean jarraitu du Korrikak aurrera Izturitze, Mehaine edota Garruzen barna. Orohar, gau lasaia izan da, ez du euririk egin eta kirol talde ugarik parte hartu dute. Sorpresarik ere izan da gau hontan, halako batean Olentzero batu baitzaie korrikalariei. Espero dugu pipa hortzian korrika egin ez izana!
Donapale eta Behaska artean dagoen bidean, eguzkiak ezin zion behelainoari aurre egin baina goiza aurrera egin ahala, bere goxotasunaz gozatzen utzi digu. Arue, Xarrikota, Ezpeize, Sohuta… eta goizeko hamarrak aldera Maulera heldu da Korrika. Bertako haur eta gazteek harrera beroa egin diote, baita Xiberoko Botza irratiak ere, kilometroa hartua baitzuten. Begira ze kontent zeramaten lekukoa!
Maule atzean utzi eta Xiberuko paisaia izugarriek liluratuta utzi gaituzte. Gerendainetik, urrunean, Pirineoak elurtuta ikusteko aukera izan dugu. Liluragarria benetan!
Urdinarbeko biztanleak ez dira Korrika egitearekin konformatu eta eskuak gora altxatuta, kantuan eta saltoka ibili dira. Muskildi zeharkatu ostean, Oskaxeko portua igotzen hasi gara. Txalotzekoa izan da korrikalarien kemena bide malkartsuan gora! Puntu honetan, Xiberua atzean utzi eta Baxe Nafarroara itzuli da Korrika bigarren aldiz. Laborariek kilometro bat egin dute euskararen alde, furgonetatik ardiek beste hizkuntzarik ezagutzen ez dutela zioten bitartean. Puntu honetatik aurrera, teknologien itzaltzea sufritu dugu Baigorrira iritsi garen arte. A ze zoramena kobertura eza!
Larzabalen jende ugari hurbildu da Korrikan parte hartzera, baita zaldiak ere! Korrika hurbildu ahala, lasterka gerturatu dira errepide bazterrera, entzuten zituzten izakien hotsen arrazoia ezagutzera. Baigorrin talde polita elkartu da ere. Biba zuek!
Baigorrin adio egin diegu Iparraldeko herriei, baina aurrera segi baino lehen, aurreko edizioetan Korrikako furgonetan lanean ibili den lagun batekin solasteko geldialditxo bat egin dugu. Hona hemen bere hitzak:
Ondoren, berriz ere Nafarroan barna sartu da Korrika. Erratzu izan da lehenengo herria eta horren ostean Arizkun eta Elbete. Zazpi terdiak aldera Elizondora ailegatu da, baina arratsaldeko lehen orduetatik giroa ezin hobea zen herriko kaleetan. Umeek Korrikako kantua behin da berriz kantatzen ari ziren plazetan. Xorroxin irratiko lagunek, gainera, saio berezia egin dute Korrika dela eta. Badirudi Elizondon ez dela inor etxean gelditu, kaleak leporaino baitzeuden!
Handik Gartzain, Irurita eta Arraiozen eguzkia lotarako prestatzen hasi da. Eguneko azken orduak, aldiz, Narbarte, Legasa, Doneztebe eta Ituren inguruan igaroko ditu, besteak beste. Orokieta eta Illarregi artean egingo diote egun berriari harrera. Ea gaurkoa bezain eguraldi eguzkitsuarekin topo egiten dugun!
Bihar Gipuzkoara abiatuko da Korrika, baina aurretik, gaueko ordu txikietan, Esan Erraneko lagunak Jauntsaratsetik pasatzen ikusiko dute. Tolosaldeako ataria irratiak, Oreretako Zintzilikek, Hendaiako Antxetak eta Info7-k, ordea, egunez egingo diote harrera. Bagoaaaaaaz tipi tapa!