KORRIKA: 1.go eguneko Kronika

Hunkigarria, zirraragarria, alaia, anitza…hiztegia txiki gelditzen zaigu Korrikaren hasierako uneak deskribatzen saiatzen garenean. Eguraldiak ere, opari polita egin zigun, eguzkia eta tenperaturak goxoki laztandu bait zituzten gure azalak.

Otxandioko haurrak goizean goiz hasi ziren  kaleak girotzen eta Korrika txikiaren ostean, Korrika-kanten koreografiak eskaini zituzten.

Ordu batak aldera, Korrikan prentsa lanetan elkarlanean arituko garen lagunen argazkia egin genuen. Euskadi irratiak, Bizkaia irratiak, Euskal Irratiak eta Arrosa sareak, ordu beteko saio bateratua egin genuen. Ordurako, hasiak ziren zurezko jolasak eta “Aurrera Korrika” ikuskizuna.  Dagoeneko, nerbioak ezin izkutatu zebiltzaten bertaratutako askok.

16.30ak pasatxoan hasi zen ekitaldia eta ordurako jendez gainezka zegoen Otxandioko plaza, Korrikak lehenengo pausoak noiz emango zai. Aurten, Korrikaren sortzaileak omendu nahi izan dituzte, bereziki duela urte gutxi hil zen Joseba Kanpo euskaltzalea. Hala, lehenengo kilometroan zehar, haren senideak eraman zuten lekukoa, emozioa ezin eutsiz. Bigarren kilometroan, Euskal Herriko hainbat herritako alkateak eta udal ordezkariak izan ziren protagonistak. Bertan ikusi genituen Gasteizko, Iruñeako, Mauleko eta Baionako alkateak. Donostiako eta Bilboko udalek, ordezkariak bidali zituzten baina Garaziko udaletik, aldiz, inor ez.

Otxandiorrak txokolatadaz eta erromeriaz gozatzen utzi eta Legutiorako bidea hartu zuen Korrikak. Urbina, Luku. Amarita, Mendibil eta Durana zeharkatu eta lehenengo oihuak entzuten hasi ginen Gasteizen. Kilometroak aurrera egin ahala, geroz eta gehiago ziren batzen ziren lagunak, amaiera ikusezina bilakatzeraino. Giroa ederra izan zen Gasteizen, batez ere Alde Zaharrean barrena, non kaleen estutasunak, korrikalarien aldarriei izugarrizko oihartzuna ematen dioten.

Arrosako kidea den Halabedi irratiak Gaztetxearekin batera hartutako kilometroa ere, ez genuen galdu nahi izan. Izan ere, arratsaldeko 19.00etatik aurrera zunba, hankapalo eta musikarekin girotu zuten 61. kilometroa, duela hilabete eskax espetxetik atera den Nerea Bengoa lekukoa hartu duen arte. Izan ere, Nerea Halabediko eta Gaztetxeko kidea izandakoa da. Lekukoa hurrengoari pasa ostean, berarekin egoteko tartetxo bat izan genuen. Hona hemen Nereak kilometroa egin ostean kontatutakoa.

Bihar ere, Arrosa Sareko irratien bidez jarraitu ahal izango duzue Korrika. Korrika hasi da, eta gu harekin goaz!

 

Hurrengo podcasta

Kritikal Blues: Caledonia Blues Band - Aretha Franklin

ol. Mar 31 , 2017